BILBO. 2017. urtean egindako prozesuaren amaiera da topaketa hau. Bertan ekintzen balorazio bateratua egingo dute agenteek; eta proiektua hobetzeko espazioak identifikatuko dituzte. Zurrumurruen aurkako herritarren sareak zabaltzeko eta indartzeko zenbait formula ikertuko dituzte.

Topaketa gaur egingo da, 10:00etatik 16:00etara bitartean, Azkune Zentroan. Parte-hartzaileek zehaztuko dituzte landu beharreko gaiak, hau da, lehentasuna dutenak, dinamizatzaile-talde baten laguntzarekin. Orain arte lortutakoak azpimarratu eta 2018ko erronkak zehaztuko dituzte.

Zurrumurruen aurkako estrategiaren bidez Bilboko Udalak Herritarren eta Aniztasunaren II. Udal Planean lehenetsitako ekintzetako bat garatzen du, arrazakeriari eta xenofobiari aurre egitean oinarrituta.

Proiektuaren metodologia -atzerritarren aurkako estereotipo negatiboak erauztea helburu du-, herritarren zuzeneko partaidetzan dago oinarrituta. Horri esker, sentsibilizatzeko ekintzak burutzen direnean horiek eragingarriagoak dira, auzokoak eurak direlako egiazko informazioaren oihartzuna eginez euren erreferentziako inguruetan komunikatzen dutenak, konfiantzazko harremanak sortuz eta elkarrizketarako eta hausnarketarako espazioak sortuz.

Une honetan, Bilboko Udala zurrumurruen aurkako sarearekin lanean ari da Begoña, Deustu, Errekalde eta Basurtuko barrutietan ?azken honetara aurten iritsi da- eta asmoa da auzo guztietara zabaltzea, gero eta pertsona gehiago egon dadin diskriminazioaren aurka.

Gainera, Bilboko Udalak Europako Kontseiluko Cities izeneko kultur arteko sarean parte hartzen du. Horretan Bilbon garatzen ari denaren moduko sentsibilizazio-proiektuak burutzen ari dira Europako hiri batzuetan, eta sare honen bidez hiri horiek lan-esperientziak eta jardunbide onak partekatzen dituzte. Estatu mailan ere badago hirien arteko koordinazioa, zenbait jarduera denek batera egiteko eta esperientziak trukatzeko.

120 AGENTE FUNTSIK GABEKO AURREIRITZIEI AURRE EGITEKO

Programaren helburua da kultur artekotasunaren alde, aniztasuneko bizikidetzaren alde eta uriko auzoetan bereizkeriaren aurka lan egiten duten pertsonek osatutako sarea sortzea eta finkatzea.

Une honetan, 120 agentek dihardute lanean uriko barrutietan: 42 Begoñan, 29 Deustun, 24 Errekalden, 19 Basurtun eta 6 gainerako barrutietan.

Estrategiaren balioekin konprometitutako pertsonak dira agente horiek eta euren erreferentziako inguruetan sentsibilizatzeko eta inpaktua eragiteko zenbait ekintza burutzen dituzte. Gehienak bertokoak dira, esparru askotakoak ?kirolak, kultura, arteak, gizartea, auzoak, antzerkia eta merkataritza- eta auzoetan bilaketa bereziak eginez erakartzen dira proiekturako zurrumurruen aurkako agenteak. Horrela bada, entitateak, elkarteak, dendak, ostalaritzako establezimenduak eta erreferentziako pertsonak identifikatu egiten dira Bilboko auzoetan. Taldeka norbere burua aurkezteko saioak zein banaka eurekin bilerak eginez proiektuaren helburuak aurkeztu eta parte hartzera dei egiten zaie agenteak izan daitezkeenei.

Agenteei lehendabizi prestakuntza ematen zaie eta eduki hauek lantzen dira: immigrazioa, zurrumurruak identifikatzea eta komunikazio-estrategiak aurreiritzi negatiboen aurrean eta, aurrerago, agenteek eurek jartzen dituzte abian euren erreferentziako inguruetan jarduerak. 2017an 59 pertsona batu dira zurrumurruen aurkako sarera eta horretarako, oinarrizko ikastaro bi eta hiru mintegi ?gizarte laguntzei, ziberaktibismo eta islamofobiari eta generoari buruzkoak ? egin dituzte.

Zurrumurruen aurkako proiektuaren barruko prestakuntza erakunde-inguruetara eta komunikabideetara ere zabaltzen da eta horren harira, 2017an komunikabide eta kazetarientzako mintegi bat egin da.

HAINBAT JARDUERA 1.200 PERTSONENGAN ERAGITEKO

2017an, Bilboko Udalaren zurrumurruen aurkako estrategia 1.200 pertsonengana iritsi da hainbat ekintzen eskutik. Urtean zehar tailerrak, informazio-mahaiak, artearen arloko jarduerak, gastronomia-jarduerak, partaidetzako dinamikak eta hitzaldiak egin dira; ahalegin berezia egin da pertsona gazteekin esku-hartzeko.

1) GAZTEEKIN ESKU HARTZEA:

Udal gazteguneak parte hartzeko eta prestakuntzarako topagune nagusiak izan dira. Topagune horiek amaitzeko zurrumurruen aurkako dinamiken eta gazteekin esku hartzeko gakoen esku-liburua argitaratu zen. Sorkuntzako lehiaketa bat ere egin da, 48 partaiderekin.

Gazteekin esku hartzeko jarduerak osatzeko, Bilboko sei ikastetxetako 526 ikaslek zurrumurruen aurkako tailerretan parte hartu dute eta bestalde, Errekaldeko kultur arteko kirol txapelketa bat antolatu da.

2) ZURRUMURRUEN AURKAKO SORKUNTZAZKO IDAZKETA:

2017ko berritasuna da zurrumurruen aurkako ekintzetara sorkuntzazko idazketako teknikak txertatu izana; horretarako, atzerritarrei buruz zabalduta dauden aurreiritziei, estereotipoei eta zurrumurruei aurre egiteko tailerra izan da.

Horiek horrela, IKUSPEGI Immigrazioaren Euskal Behatokiarekin lankidetzan, kontakizun literarioak egiteko teknikak garatu dira, migratzaileak beste era batera adierazten laguntzen dutenak, horiei buruzko topikoak eta aurreiritziak apurtu eta narrazio berriak sortzeko, zabalduen dauden estereotipo negatiboen aurrez aurre.

Era berean, eta ekimenak harrera ona izan duela ikusita, zurrumurruen aurkako ipuin laburren lehiaketaren I. edizioa egin da. 11 ipuin aurkeztu dira euskaraz eta 48 gaztelaniaz.

3) PERTSONA NAGUSIEKIN ESKU HARTZEA:

“Bilbo, adinekoekin adiskidetsua den hiria” planaren barruan eta Bilboko udalerriko erretiratuen elkarteekin lankidetzan, 2017an hainbat sentsibilizazio-tailer antolatu dituzte pertsona nagusiei dibertsitatearen eta immigrazioaren nondik-norakoak ezagutarazteko. Zehatz esateko, ekimen honetan erretirodunen 11 elkartek parte hartu du; guztira, 253 pertsonak hartu du parte tailerrotan.