Bilboko Udalak omenaldia egin die Korrikaren sortzaileei
Orain 37 urte, AEKko zortzi gaztek euskara kalera ateratzea erabaki zuten, Euskal Herriko herri guztiak korritu zitzan. Aldarrikapen horrek hain garrantzi handia lortu du non herri mugimendu bihurtu baita eta aurten 20. edizioa egin baita.
BILBAO. Bilboko Udalak omenaldia egin die gaur Korrikaren sortzaileei Euskararen Nazioarteko Egunean. Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak omendu ditu orain 37 urte ekimen honekin hasi ziren AEKko zortzi kideak eta egurrezko lekuko bana eman die. Lekukoa pertsonalizatuta eta Bilboko banderaren koloreekin apainduta egon da. Hauek izan dira omenduak: Bitor Allende, Alvaro Gurrea, Urtsa Errazti, Bittor Artola, Josepe Zuazo, Joseba Kanpo, Julen Kaltzada, Enrique Ibabe. Azken lauak hilda daudenez gero, haien senideek jaso dute lekuko pertsonalizatua.
Euskararen Nazioarteko Egunaren helburua da euskaldunek egindako ahalegina eta lana aintzat hartzea, eskertzea eta haren garrantzia azpimarratzea, eta euskaldun berriak laguntzen eta animatzen jarraitzea, haiek direlako ezinbesteko babesa euskararen biziraupenerako eta garapenerako.
Hori dela-eta, Juan Mari Aburto Alkateak eskerrak eman dizkie Korrika sortzean parte hartu zutenei, hau nabarmenduz: "euskara kalera ateratzeko eta herrialdea korritzeko ekimen horrekin herri mugimendu bat sortu da hizkuntzaren ezagutzan eta erabileran inplikatzeko, eta euskara bazter guztietara heltzea eta jendea euskaraz bizitzea lortu da. Aurten, XX. edizioan, une egokia da egindako lan bikaina aintzat hartzeko eta euskara arlo guztietan erabiltzera animatzeko. Bilbok euskaraz bizi nahi du.”
Gainera, Euskararen Nazioarteko Egunean Bilboko Alkateak eskakizun bat egin nahi izan die bilbotarrei: "egiten den lehenengo berba beti euskaraz izatea. Lehenengo berba euskaraz.”
Bilboko Udalak 37 urteotan eta 20 ediziotan egindako ibilbidea omendu nahi izan du, euskararen alde lanean jarraitzera animatuz. Izan ere, Korrikak hain garrantzi handia lortu du non Euskal Herriko gizartearen aldarrikapen baita. Gainera, Korrika sortu zenenik, Bilbok zeregin handia izan du, zenbaitetan izan baita helmuga eta hasiera.
Beste alde batetik, Euskararen Nazioarteko Egunaren barruan egindako omenaldia bukatzean, Txistularien Udal Bandak Korrikaren abesti ezaguenen interpretazio hunkigarria egin du.
KORRIKA, 20 EDIZIO 37 URTETAN
Korrikaren lehen edizioa 1980ean egin zen, Oñatitik Bilbora. Euskal Herri osoa korritzen duen lasterketa honek euskararen aldeko kontzientziazioa bultzatzen du. urte bitik behin egiten da eta euskararen aldeko ekintzarik garrantzitsuenetako bat da, ehunka mila pertsona biltzen baititu.
Gainera, lasterketak irauten dituen egunetan, lekukoa eskutik eskura eta herri batetik beste batera igarotzen da inoiz gelditu barik, helmugara heldu arte. Bertan irakurtzen da lasterketaren buruan joan den lekukoaren barruko mezua.
Korrikaren azken edizioetan izan den parte-hartzeak erakusten du gero eta jende gehiago animatzen dela. Gainera, Korrikaren inguruan sortzen den gizarte mugimenduak bere osotasunean adierazten du euskal gizarteak euskararen alde egin duen apustua.
Probintzietan euskararen inguruko jaiak egin ohi dira, ikastolen jaiak (Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak edo Nafarroa Oinez), baina Korrika da Euskal Herriko zazpi lurraldeak etengabe lotzen dituen jai bakarra. Aurten, 2017an, XX. edizioa egin da eta 2.557 kilometro egin ziren lasterka, gau eta egun, 11 egun gelditu barik.
Korrika gertaera bat bihurtu da eta urte bitik behin Euskal Herriko gizarte osoa mugiarazten du. Eta gizarte mugimendu hori gaur Bilboko Udaletxean omendu diren pertsonei esker sortu zen, orain 37 urte euskara kalera ateratzen ausartu baitziren.
2017KO EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNERAKO ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
Bilboko Udalak bat egin du HAKOBAk (Hizkuntza Politika gaietarako Herri Administrazioen Koordinazio Batzordeak) Euskararen Nazioarteko Egunerako egin duen adierazpen instituzionalarekin.
Testua sinatu dute Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, Donostiako Udalak, Gasteizko Udalak eta EUDELek, denak baitira HAKOBAko kideak.
“Euskara auzolana” izenpean, euskararen erabileran aurrera egiteko kontzientzia piztu nahi da herritarrengan, euskara urteko 365 egunetan erabiltzeko. Izan ere, euskarak lankide nahi eta behar gaitu, urtean 365 egunez. Ospakizun eguna baliatu nahi da, hain zuzen, ilusioaren hauspoa haize berriz betetzeko.
Indar berriez sendotzeko denon eginahala. Hori behar baitu euskarak, hori behar baitugu euskara guztion ezpainetan, kaleetan, etxeetan, ziberespazioan, lantokietan, pantailetan, paperetan nahi dugunok: ilusioa. Eta elkarlana. Auzolana.
Orain, eta hemendik aurrerako urteetan, euskararen erabilera etengabe eta bizi-bizi areagotzea dugu langintza nagusi, ezagutzaren handitzearekin batera euskararen aldeko hizkuntza ohituren aldaketa sakona gauzatu dadin. Mingainak dantzan jartzeko premia dugu, eta, bistan denez, mundu aldakor honetan, kantu eta kontu berriak behar ditugu horretarako.
EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNEAN BILBON EGINGO DIREN BESTE JARDUERA BATZUK
Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna da eta ekitaldi nagusia gaur, abenduak 1, egin da. Hain zuzen ere, Korrika sortu zuten zortzi pertsonak omendu dira Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan.
Bilboko Udalak beste ekitaldi batzuk egingo ditu eguna ospatzeko:
Abenduaren 1a
BIDEBARRIETAKO LIBURUTEGIA
Ordua: 19:30
HITZAK HOTS
Poesia irakurraldia eta musika: Antton Valverde, Miren Agur Meabe eta Anjel Lertxundi
ZURBARANBARRIKO UDALTEGIA
Ordua: 19:00
Magia Amarru (euskaraz)
TOR MAGOA.
Abenduaren 2
BEGOÑAKO LIBURUTEGIA
Ordua: 11:30
Ipuin kontaketa: “Kontu eta kantu” (euskaraz). FERNANDO ANBUSTEGI
3 eta 9 urte bitarteko umeentzat.
ZORROTZAKO FRONTOIA
Ordua: 13:00
Antzerkia (euskaraz): “Musika galduaren bila”. ENEKO ETXEBARRIETA.
Adin guztietako ikusleentzat.
Abenduaren 4a
DEUSTUKO UDALTEGIA
Ordua:19:30
Bertso-saio literarioak. MAIALEN LUJANBIO, UNAI ITURRIAGA ETA UXUE ALBERDI (bertsolariak) eta DANELE SARRIUGARTE (idazlea).
Más en Bilbao
-
Patios más inclusivos, verdes, abiertos, y lúdicos en cinco colegios de Bilbao
-
Se licita por 5 millones la parada de Los Caños del Tranvía de Bilbao
-
Catherine Zeta-Jones y el equipo de la serie 'Kill Jackie' visitan el Ayuntamiento de Bilbao
-
El Ayuntamiento responde a los vecinos de Marzana: "Cuando se ha detectado algún incumplimiento se ha sancionado"