BILBAO. Bilboko Udalak ia hiru hamarkada daramatza lanean indarkeria matxistaren aurkako borrokan, helburu birekin: prebentzioa eta biktimei laguntza integrala ematea. Azken urteotan, lan hori sendotu egin da udal koordinazioari esker eta tartean dauden beste erakunde batzuekin batera egindako lanari esker.
Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntza emateko Zerbitzua 1988an sortu zen eta jarduketa premiazkoa, pertsonala eta jarraitua ezartzen ditu. Hauek dira programa integral honen zerbitzu batzuk: poliziaren babesa eta laguntza; informazioa, aholkua eta orientazioa; premiazko laguntza eta lagun egitea, laguntza sozial espezializatua; laguntza psikologikoa; aholku juridikoa; esku-hartzea familiarekin eta adingabekoekin, ostatua ematea segurtasun-arrazoiak direla-eta; laguntzako eta etxebizitzako baliabideak; eta prestazio ekonomikoak.
GOGOBETETASUNA ETA KONFIANTZA UDAL ZERBITZUAN
Zerbitzuen agiriaren bidez, 2009tik aurrera, Bilboko Udalak zenbait konpromiso hartu zituen laguntza espezializatuan aurrera egiteko. Konpromiso horiek urte bitik behin baloratzen dituzte erabiltzaileek, itxaropenen eta gogobetetasunaren inguruko azterketetan. 2016an laguntza jaso zuten pertsonei egindako inkestaren arabera, udal programaren balorazio globalak bikain kalifikazioa jaso du berriro ere (9,1 batez beste), tratuan eta erabiltzaileek zerbitzuan daukaten konfiantzan.
2017an, Bilboko Udalak genero-indarkeriaren biktima izan diren 368 emakumeri eman die laguntza. Aurreko ekitaldiekin alderatuz, 2016an 377 emakume joan ziren zerbitzura eta 2015ean 430.
Gainera, eta bildutako datuen arabera, 2016an 27 emakume joan ziren laguntza psikologikoa emateko programetara (jasotako eskari guztiak bete ziren) eta 86 andrazko joan ziren orientazio juridikoko programara. Beste alde batetik, 51 emakumek atzerriko hizkuntza batean edo zeinu-hizkuntzan jaso zuten laguntza (jasotako eskari guztiak bete ziren).
Harrera emateko zerbitzuei dagokienez, etxebizitza jasotzeko, etxebizitza bilatzeko orientazioa jasotzeko, enplegu edo prestazio ekonomikoak edo lanerako plan bat egiteko eskari guztiak jaso zituen Bilboko Udalaren programa integralak eta kasu guztien jarraipena egin zuen.