Síguenos en redes sociales:

Bilboko Udalak Otxarkoagako 56 uriko ortu aurkeztu ditu

56 ortu dira, horietako bakoitza 40 metro karratukoa. Auzotarrek oro har, luzaroan langabezian dauden auzokoek, irabazi asmo bako elkarteek eta desgaitasunen bat duten pertsonek jorratuko dituzte.

Bilboko Udalak Otxarkoagako 56 uriko ortu aurkeztu ditu

Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko arduradunek uriko ortu berriak aurkeztu dituzte Otxarkoaga-Txurdinaga auzoan. Errekaldeko esperientzia arrakastatsuaren ostean, Udalak ekimena beste auzo batzuetara zabaltzeko erabakia hartu zuen. Hala, Otxarkoagako Prestakuntza Zentroaren atzealdean dauden 56 lur-zati uriko ortu izateko moduan daude.

Oraingo honetan ere, Errekaldeko udal ortuen aurreko esleipenean ezarritako lehentasunezko irizpide berak erabili ditu Udalak; horiek horrela, barrutiko bizilagunak, luzaroan langabezian daudenak, irabazi asmo bako elkarteak eta desgaituak izango dira ortuak landuko dituztenen profilak. 198 eskabide aurkeztu ziren deialdi publikora eta horien artean 55 lur-zati zozkatu ziren. Ortuotan, gainera, hiru txabola ipiniko dira: bi aldagelak izango dira eta eguzki-panelak izango dituzte eta bestean lanabesak gordeko dira.

Alfonso Gil Bilboko Udaleko alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko ordezkariaren esanetan, “ekimen honek hemen baino lehenago Errekalden izandako arrakastaren ostean, Otxarkoaga-Txurdinaga auzoan jartzera animatu gara; horrela, bertako bizilagunek lurra jorratzeko eremu publikoa izango dute, modu ekologikoan eta kontsumo pertsonalerako eta, bide batez, espazioak sortuko ditugu naturan ingurumenari buruzko kanpainak burutzeko”.

Lur-zatiaren esleipendunek urte bitan landuko dituzte ortuok, beste batez luzatzeko aukerarekin. Ortuetan lortutako produktuak norbere kontsumorako izango dira, ezin izango dizkiote beste inori saldu, horrelako ekimenetan ohi bezala.

Osasun ona izateko elikadura osasuntsuaren garrantziaz kontzientziatzeko ere balio du ortu hauek jorratzeak.

Uriko ortu ekologikoen proiektu hau naturan espazio estrategiko txikiak sustatzeko pentsatua izan da. Gainera, espezie akuatikoentzako putzua eta intsektuen hotela ere egongo dira, naturako prozesuak ?metamorfosia, esaterako- azaldu ahal izateko eta herritarrak jabearazteko bertoko animalien eta landareen espezieak kontserbatzeak duen garrantziaz.

PARTZELEN BANAKETA

40 m2ko tamaina duten 56 partzelak hainbat lotetan eman zaizkie Udalak lehentasunezkotzat jotako zenbait kolektibori.

Hala, 1 eta 36 arteko lurzatiak auzoko bizilagunek ustiatuko dituzte, banaka edo taldeka aurkeztutakoak. Langabetuentzat 37 eta 47 arteko zenbakiak dituzten partzelak dira; eta 48tik 50era artekoak arlo fisikoko edo adimeneko nolabaiteko desgaitasuna duten pertsonentzat edo haien elkarteentzat izango dira.

51 eta 55 zenbakien arteko partzelak Bilboko irabazi asmo bako elkarteentzat zuzendu dituzte. 56 zenbakiko partzela Udalak berarentzat gorde du, Eskolako Agenda 21arekin lortutako jarduerak egiteko erabil dadin.

Partzelaren erabilera doakoa da eta esleipendunek mantentzen eta zaintzen lagundu behar dute.