BILBAO. Azaroaren 2an, 3an eta 4an, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako UNBOX, Discover Bilbao Bizkaia in a Box izeneko ekitaldia egingo da Milanen; helburua: uria eta lurraldea erakustea bisitatzeko, inbertsioak egiteko eta bizitzeko leku moduan. Ekitaldirako aukeratutako lekua, berriz, Spazio Pelota enblematikoa. Espazio hori pilotaleku izateko sortu zen 1947 eta hiru egunean egingo dira bertan enpresen arloko hitzaldiak, ekitaldi instituzionala, workshop turistikoak eta euskal kulturaren jaialdi handi bat, Italiako iparraldea geureganatzeko.

Turismoa bultzatzeko ohiko ekintzak baino harago doan diziplina anitzeko ekitaldia da UNBOX; enpresen ikuspegitik, Bilbo eta Bizkaia inbertsioak egiteko, ekimenetarako eta talentuak biltzeko leku moduan agertu gura da. Horrez gain, uria eta lurraldeak Italiako iparraldeko turismorako eta bisitarientzat duten xarma agertu eta erakargarritasuna erakutsi eta kultura eta gastronomia sustatu nahi dira.

Ildo horretan, Xabier Ochandiano Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak Italiako merkatua aukera ezin hobea dela adierazi du: “Bilbo bisitatzera etorritako atzerritarretatik % 7,6 italiarrak izan ziren iaz eta aurten, gainera, % 12ko gorakada ari gara ikusten. Milanera jomuga turistiko finkatua eta eraldaketa kulturalari, berrikuntzari eta talentuei buruzko hainbat esperientzia nabari daramatzagu”. Bilbo turismorako tira handia duen toki moduan finkatzea da xedea, baina batez ere, inbertsiorako, talentua erakartzeko eta enpresentzako eragile izatea.

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak ere azpimarratu du ekitaldia berria eta asmo handikoa dela eta kanpoko sustapen turistikoa ez ezik, lotura berriak ere bilatzen dituela Italiako industriaren hiriburuarekin. “Italiako industriaren hiriburua delako goaz Milanera; hainbat elementu berdin samarrak dauzkagu automozioaren sektorean, prestakuntza arloan eta diseinuaren industriaren esparruan. Gure irudia, turismoa, gastronomia eta industria sortzaileak batuko ditugu Italiako iparraldeak eta guk Bizkaian daukagun esparru industrial eta enpresarial klasikoagoarekin. Hortaz, kanpoko sustapen turistikoa ez ezik, enpresen eta instituzioen arteko lotura berriak era bultzatu nahi ditugu” zehaztu du Imanol Pedralesek.

ELKARRIZKETA ENPRESARIALAK ETA WORKSHOP TURISTIKOA

Spazio Pelotan egingo den aurreneko jarduera Bilbo eta Bizkaiko sektore turistikoko enpresen eta eragile eta turoperadore italiarren arteko lan-topaketa izango da eguenean, 19:00etan. Workshop honen helburua merkataritza arloko harremanak finkatzea eta sendotzea da mundu osoan aitorpen handia duen jomuga turistiko finkatuaren eta Italia bezalako merkatu zabalduenetako baten artean.

Enpresen eta merkataritzaren esparruak protagonista izaten jarraituko du barikuan emango diren zenbait hitzalditan. Hitzaldi horietan enpresaren, kulturaren, diseinuaren eta ekintzailetzaren munduko adituek jardungo dute, Milango eta Lombardia eskualdeko sare enpresarialarekin partekatzeko euren esperientziak.

Han izango da hogei urte egin dituen Guggenheim Museoko. Beronekin batera izango dira Andoni Aldekoa Euskalduna jauregiko zuzendaria, Juan Ignacio Otalora Digipeneko zuzendaria, Iñigo San Emeterio Idomeko zuzendaritzakoa, Aitor Elizegi sukaldaria eta Jordi Albareda Fair Saturday ekimenaren sortzailea.

EUSKAL KULTURAREN JAIALDIA

Azaroaren 4an (zapatua) euskal jaialdi handia eskainiko zaie dohainik milandar guztiei Spazio Pelotan. Bertatik bertara eta dohain-dohainik ezagutu ahal izango dituzte gure tradizioak, folklorea eta gastronomia. Hartara, jardueren artean musika eta dantza-ikuskizunak, pilota-partidak, herri-kirolen erakustaldiak eta tailerrak egongo dira.

Horrez gain, kata enogastronomikoak egingo dira adituekin eta hemengo produktuak dastatuko dira.