BILBO. Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak abian jarri du berriro ere jarduera fisikoa sustatzeko “Ibiltarien Sarea” programa; honako honetan, zenbait berritasun sartu ditu, herritarrek eskatuta: aurrerantzean, arratsaldetako ibilaldiak kurtso osora zabaldu eta ordubete lehenago hasiko dira, ahal den neurrian egun argiz egin ahal izateko. Bada, ibilaldiak hiriko leku enblematikoetatik barrena egingo dira, astelehenetik barikura, egunero, 11:00etatik 13:00etara, eta astean behin, eguaztenetan, baita arratsaldez ere, 17:00etatik 19:00etara (orain arte 18:00etatik 20:00etara izaten ziren).

Aurreko edizioetan bezala, programa interesatutako pertsona guztientzat dago zabalik. Nahikoa da hileko egutegian adierazitako lekuan eta orduan egotea (www.bilbao.eus). Programak intentsitate ertaineko ariketa egitea proposatzen du, konpainia onean, uriko zenbait gunetan barrena. Aukeratutako lekuetan jarlekuak, iturriak, komun publikoak, gimnasia egiteko zirkuitu txikiak eta beste azpiegitura batzuk egoten dira.

Aurten, bina orduko iraupena duten 12 ibilbide prestatu dira. Hasieran berotze-ariketak egingo dira eta behin ibilaldia amaituta, luzatze-ariketa batzuk.

Esperientzia eta prestakuntza duten monitoreek gidatzen dituzte ibilaldiak eta jarduera dinamizatu eta atseginago egiten dute, ibilbideko puntu interesgarriei buruzko informazioa emanez eta oinetakoei, ibilbideei, luzatze-ariketei, hidratazioari eta beste gai batzuei buruz aholkuak emanez. “Denborarekin parte-hartzaileek euren aldetik talde-dinamika propioa edukitzea da helburua, alegia, euren kontura uriko barrutietan taldeak sortzea eta antolatzea” adierazi du Yolanda Díez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak.