Bilboko udalak alde zaharrean hutsik dauden saltokiak suspertzeko proiektua jarriko du abian
Udalak Dendarikale eta Belostikale kaleetan itxita dauden 5 saltoki aukeratu ditu bertan proiektuak gauzatzeko xedez, Bizkaiko Barrualdeen Dekoratzaile nahiz Diseinatzaileen Elkargo Ofizialarekin elkarlanean
BILBO. Horretarako, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez eta Bizkaiko Barrualdeen Dekoratzaile nahiz Diseinatzaileen Elkargo Ofizialaren laguntzarekin, elkargokide profesionalei zuzendutako txapelketa bat gauzatuko da eta diseinu nahiz interiorismoko proiektuak egitea proposatuko da. Hainbat hileko azterlanaren ondoren, Belostikale eta Dendarikale kaleetan gaur egun salmentan edo errentan hartzeko dauden bost lokal itxi hautatu dira, etorkizuneko saltokien inspirazio-iturri izan daitezkeelakoan.
BIZIAGO! izeneko txapelketa ezagutzera ematen hasi da elkargokide profesionalen artean, lanen aurkezpena sustatzeko. Lan horiek, teknikoki, egungo araudia bete beharko dute, betiere Elkargo Ofizialaren eta SURBISAren gainbegiratze pean.
EPAIMAHAI PROFESIONALA ETA JENDEAREN BOTOA
Hilabete honetan aurkeztuko diren proposamen guztien artean, 5 aurreproiektu onenak (1 lokaleko) hautatuko dira urrian; horretarako, interiorismoari, dekorazioari zein merkataritzari lotutako epaimahai profesionala egongo da. Belostikale eta Dendarikaleko 5 lokaletarako aukeratutako 5 proposamenak azaroaren 2tik 15era egingo den erakusketan egongo dira ikusgai; lonja horien fatxadetan zein erakusleihoetan kokatuko da eta azalpen-biniloak izango dituzte.
Biziago! egitasmoari amaiera emateko, lan bat izendatuko da irabazle, eta herritarrek ere eman ahalko dute botoa.
Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzi den Xabier Ochandianoren zinegotziaren ustez, ekimen berritzailea bilatzen saiatu dira, “xede horrekin hautatu da profesionalei zuzendutako txapelketa; hala, ideiak ez errepikatzen saiatu beharko dira eta lokal bakoitzaren ezaugarriei egokitzen diren proiektuak aurkeztu beharko dituzte”. “Hori guztia ?gehitu du? Bizkaiko Barrualdeen Dekoratzaile nahiz Diseinatzaileen Elkargo Ofizialaren eta lokaletako jabeen erabateko inplikazio zein orientazioarekin gauzatu da; azken horiek, berriz, ez dute inolako gasturik ordaindu beharko. Gure helburua hauxe da: kale eta saltoki hori irekita egongo balitz nolakoak izango liratekeen bistaratzea, betiere aipatutako ideia berria baliatuz”.
Era berean, Dekoratzaile eta Diseinatzaileen Elkargoaren arduradunen hitzetan, ekimen honek ageri-agerian utziko du profesionalek jabeei eta errentariei negozio-proiektuak aurrera ateratzen laguntzearen garrantzia. “Adituen zerbitzua eta elkargo ofizialaren tutoretza izatea aurreikusitako helburuak lortzeko bermerik onena da”.
SALTOKI BERRIAK ALDE ZAHARREAN
Gaur egun 7.500 pertsona (Bilboko biztanleriaren % 2) bizi dira Alde Zaharrean eta udalerriko auzorik gazteenetako bat da, batez besteko adina 42 urte baita.
Aisialdi, merkataritza eta gastronomiako gune nagusienetako bat dela uste da; era berean, Bilboko tradizioak eta nortasun-ikurrak gordetzen dira bertan. Horrenbestez, Xabier Ochandianoren ustetan, “inolako zalantza barik, hiriko erakargarritasun-elementua da, bai gainerako Bilboko eta Bizkaiko Lurralde Historikoko pertsonentzat, bai estatuko nahiz nazioarteko bisitarientzat, etortzen direnen % 100 Alde Zaharrera joaten baita”.
Hutsik dauden lonjen mobilizazioa, beren jabeekin eta Bizkaiko Barrualdeen Dekoratzaile nahiz Diseinatzaileen Elkargo Ofizialarekin elkarlanean, Bilboko Udalak hasitako ekintza berrietako bat da; ekintza horiek negozio berrien instalazioa sustatzeko helburua dute. Programa horrez gain adierazitako egoera jasotzen duen katalogo eguneratua egiten ari dira.