BILBO. Euskaltzaindiak Herri Hizkeren Atlasari buruzko mintegia antolatuko du Bilbon. Ekimena bi egunez egingo da: urriaren 17an, 10:00etatik eta 12:30era, eta 24an, 18:00etatik eta 20:30era. Ondareari buruzko Europako Jardunaldien barruan antolatu dira bi ekitaldiak, euskaraz eta Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan.

Akademiak jakinarazi duenez, mintegiak bi helburu bete nahi ditu: batetik, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) azaldu nahi du, eta, bestetik, Bizkaiko kasurako lehen hurbilketa egin.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasa Euskaltzaindiaren proiektu enblematikoenetako bat da. Euskal Herriko 145 lekutan egindako 2.857 galderako inkesta bati esker, informazio kantitate handia lortu da bai euskararen ezaugarriei buruz bai XIX. eta XX. mendeetako euskal gizartearen bizimoduei buruz.

Informazio horretan oinarrituta, euskal herrietako hizkuntza paisaiaren irudi aberatsa sortu du EHHAren lantaldeak.