BILBO. Horrela, bada, Joaquín Rucobak diseinatutako eraikin historikoaren fatxada nagusiaren irudia ONCEren eguneroko kupoiaren 5,5 milioi aletan inprimatuko da. Ekimen hau Bilboko Udaletxeko eraikin nagusiaren inaugurazioa oroitzeko ekitaldien barruan dago. Horien artean dago monumentuak argitzeko LED sistema berria abian jartzea, www.bilbao.eus webguneko “Ezagutu Udaletxea” atala guztiz eguneratzea, inprimaki erraz baten bidez bisita gidatuak egiteko hitzordua hartzeko aukerarekin, eta bisitak ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz egiteko ziklo berri baten antolaketa apirilaren 18tik 21era.

ONCEren 20.000 agentek saltzen dituzte kupoiak. Beti bezala, Salmentako Terminalari esker, bezeroak gehien gustatzen zaion zenbakia aukera dezake. Gainera, ONCEren Jokoen webgune ofizialean eros daitezke (www.juegosonce.es), bai eta establezimendu laguntzaile baimenduetan ere.

ONCEren eguneroko kupoiak 1,5 eurogatik 35.000 euroko 55 sari eskaintzen ditu bost zifra berdin tokatuz gero. Gainera, bezeroak 0,5 euro gehiago jartzen baditu, seriea joka dezake eta “Paga” irabaz dezake (3.000 euro hilean 25 urtetan), 35.000 euroko sariaz gain. 500 euroko saria izango dute irabazlearen aurreko eta osteko zenbakiek, eta 200, 20 eta 6 euroko sariak jasoko dituzte kupoi irabazlearen azken lau, hiru eta bi zifrak berdinak badira, hurrenez hurren.

125. URTEURRENA OROITZEA

ONCEk Bilboko Udaletxeko eraikin nagusiaren urteurrenari dedikatutako kupoia martitzenean aterako da, hilaren 18an, Udalbatza gaur egungo egoitzara joan zen egunaren 125. urteurrenaren biharamunean. Urtemuga horren ospakizunak hasteko, monumentuak barrutik eta kanpotik argitzeko LED sistema berria jarriko da abian. Sistema horrek argiztapena eta eraginkortasun energetikoa hobetzen du, eta argindarraren kontsumoa % 90 inguru murriztuko du.

Gainera, Udaletxearen kanpoaldeko argiak berritu direnean Beteluriko Zin-jesarlekua ere kontuan hartu da. XVIII. mendeko lan eskultorikoa da eta 2003tik Ernesto Erkoreka plazako erdiko lorategian dago. Argi berriak abian jartzean, bere garrantzia azpimarratu nahi da fielek (auzo-alkateek) zin egiteko lekua zelako eta uriko alkateak herritarren kexei erantzuteko eskumen-ekitaldiak egiteko erabiltzen zelako.

Aldi berean, www.bilbao.eus webguneko “Ezagutu Udaletxea” atala guztiz berritu eta eguneratu da, eta elementu nabigagarri berrien bidez Joaquín Rucobak diseinatutako eraikinaren aberastasun artistikoa eta arkitektonikoa ezagutzeko aukera dago. Hain zuzen ere, Googlen Street View teknologia erabili da bisita birtuala egiteko. Gainera, elementu arkitektonikoak, artistikoak eta apaingarriak azaltzeko testuak egin dira.

Berritasun nagusietako bat inprimaki erraz bat jartzea izan da, Udaletxean doako bisita gidatuak egiteko hitzordua eskatzeko. Atala osatzeko, sareko Bilbopedia entziklopediarako sarbidea eta Bilboko Udaletxeko irudi historikoen aukera erakusten dituen “Bilboko Udaletxea” argitalpen turistikoaren bertsio eguneratua daude.

BISITA GIDATUEN ZIKLO BEREZIA

Beste alde batetik, apirilaren 18tik 21era bisiten ziklo berezia antolatuko da ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz, 17:30ean eta 19:00etan, Bilboko Udaleko eraikin nagusiaren aberastasun artistikoa eta arkitektonikoa herritar guztiengana eta egun horietan uria bisitatzen ari direnengana hurbiltzeko.

Bisita gidatu arruntetan ez bezala, arratsaldez egingo diren bisita gidatuen ziklo berezi honetan interesdunak Udaletxeko ate nagusitik sartuko dira eta handik hasiko da ibilbidea barruko areto garrantzitsuenetatik.

Bilboko Udala ikusteko bisita gidatuen ziklo berezi honetan parte hartu nahi dutenek mezu bat bidali behar dute reservasabril@gmail.com helbidera edo 666262453 telefonora deitu behar dute. Izena emateko epea gaur, hilak 7, hasiko da eta apirilaren 21ean bukatuko da, 09:30etik 14:30ak arte.