Síguenos en redes sociales:

Bilboko Udalak omenaldia egin dio Ken Zazpi taldeari

Gazteen artean euskara zabaltzen egiten duen lanagatik

Bilboko Udalak omenaldia egin dio Ken Zazpi taldeariOskar Martínez

BILBO. Ostiral honetan izango da, euskal musikaren arloan eta gazteen artean euskara zabaltzen egin duen lana aitortzeko. Udaletxeko Arabiar Aretoan egindako ekitaldian taldeko hiru kide izan dira, eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak plaka bat eman die.

Ekitaldian, Aburtok gogorarazi du Euskararen Nazioarteko Egunaren helburua euskaldunen ahaleginak eta ekarpena azpimarratzea, aintzat hartzea eta eskertzea dela.

"Euskara ez dago oraindik gaztelaniaren maila berberean onartuta legez, oso beheragoko mailan dirau gizartearen zenbait esparrutan. Bide luzea dugu aurrean berdintasunera iristeko. Hortik, erakundeak egiten ari diren lan eskerga gure hizkuntzaren garrantzia nabarmentzen, bizirik iraun dezan eta gure inguruko arlo guztietan erabili dezagun", adierazi du.

Aurten, Bilboko Udalak arreta berezia eman nahi izan dio Ken Zazpi musika taldeari, "urteak daramatzalako euskara sustatzen eta babesten bere musikarekin". Taldeak Arriaga antzokian ekin zion urtarrilaren 8an eta 9an hasitako birari, sarrera guztiak agortuz bi egunetan, eta Aste Nagusian "urteko kontzertutik onenetarikoa" eskaini zuen Abandoibarran.

Omenaldi honekin, Bilboko Udalak aintzat hartu du talde bizkaitarrak duela 20 urte euskararen alde hasitako lana, "gure hizkuntzak Bilbon eta Euskadin bizirik iraun dezan lagunduz". "Izan ere, musikaz baliatuta, euskara hizkuntza gero eta biziagoa eta aberatsagoa bilakatzen baitute", gaineratu du alkateak.

Bestalde, Bilboko Udalak bat egin du Euskararen Nazioarteko Egunerako HAKOBA Hizkuntza Politika Gaietarako Herri Administrazioen Koordinazio Batzordeak egin duen adierazpen instituzionalarekin. Horren bidez, eta "Zer egin dezaket nik euskararen alde?" izenburupean, herritarrak kontzientziatu nahi dira aurrera egiten jarraitzeko euskaraz hitz eginda.

Ildo horretan, Aburtok euskara sendotzeko konpromisoa hartu du. "Zer egin dezakegu denok euskararen alde? Euskaraz hitz egin, euskaraz bizi, gure hizkuntza maite eta erabili gaztelaniaren egoera berera hel dadin. Hartara, euskara eta bizikidetza linguistikoa sendotzeko gure engaiamenduaren bidez, herritarrak kontzientziatu nahi ditugu bere erabileran aurrera egiten jarraitzeko", esan du.