BILBO. Orain, 2016an, badmintonek hartuko du txanda. Bilbok kirol-ekitaldi handien egoitza gisa daukan kokapena eta munduan daukan proiekzioa sendotu dute lehen mailako hiru kirol-hitzordu sei urtetan.

Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kiroletako zuzendariak, Carlos Sergio Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako aholkulariak eta David Cabello Badminton Federazioko presidenteak Bilbao 2016 Badmintoneko Munduko Junior Txapelketa aurkeztu dute gaur, orain arte nazioartean egindako kirol horren txapelketarik handiena.

Unera arte inoiz ez dira badmintoneko txapelketa ofizial batean 600 kirolari zein teknikari baino gehiago bildu bost kontinenteetako 64 herrialde ordezkatuz. Azaroaren 2a eta 6a bitartean, Bilbao Arena Kirol Jauregia taldekako txapelketen egoitza ofiziala izango da; azaroaren 8tik eta 13ra, berriz, esparru berean egingo dira banakako partidak.

Partidak ikusteko sarrera doakoa izango da, lekuak bete arte. Era horretan, Indian sortu zen eta Europara iritsi ondoren Amerikako Estatu Batuetara zein Kanadara hedatu zen kirolaren ezagutza gizarteratu nahi da. Gaur egun, badmintonek 24 milioi federazio-lizentzia ditu, mundu osoan 200 milioi pertsonek baino gehiagok praktikatzen dute, eta Txinan, Japonian, Frantzian edo Indonesian bezalako herrialdeetan gehien jarraitzen den kiroletako bat da.

Bilbao 2016 Badmintoneko Munduko Junior Txapelketak eragin handia izango du nazioartean, batez ere Asian, kirol hori oso errotuta baitago bertan. Bilboko hautagaitza Jakarta hiriarekin (Indonesia) izan da lehian izendapena lortzeko, hain zuzen ere, badmintoneko potentzia mundial nagusia den hiriarekin; horren isla, hirian 325.000 pertsona daude kirol horretan federatuta. Bilboko proposamena, Badminton World Federationek adierazitako txapelketa hartzeko "egokiena" dela adierazi duena, Euskadiko, Espainiako eta Europako Badminton Federazioen babesa jaso du, baita Espainiako Batzorde Olinpiko eta Kirolen Goi Kontseiluarena ere.

Eragin ekonomikoa Bilborentzat

Bilbao 2016 Badmintoneko Munduko Junior Txapelketak bi milioi euro baino gehiagotan balioetsitako itzulkin ekonomiko zuzena eragingo du hiriarentzat. Espainiako Badminton Federazioak aurreikusitako kalkuluek Bilbon, txapelketa gauzatu bitartean, egingo diren norgehiagoka zein kultura-jardunaldien gastu orokorra dute oinarri. Kirolariak, laguntzaileak, arbitroak eta erakundeko kideak aintzat hartuz, guztira 1.000 pertsonek hartuko dute ostatu hirian, eta batez bestean hamalau ostatu-gau egingo dituzte. Bilboko itzulkinak hoteletako, zerbitzuetako, garraioetako eta aisialdiko gastuak hartuko ditu barne; ez alabaina, Asiako ikus-entzunezko eragina, telebistaren bitartez txapelketa jarraitu ahalko baita bertan.

Bilbao Arena, lehiaketaren egoitza

Miribillako auzoan dagoen Bilbao Arena Kirol Jauregia partidak jokatzeko egoitza ofiziala izango da. Eraikina 2010. urtean inauguratu zen, inguruan bertakotu da eta hura eraikitzeko erabilitako materialek inguruko natura hartu dute eredu gisa. Gauzak horrela, instalazioetako harrizko elementuek aspaldiko meatze-ustiapeneko harkaitza kopiatzen dute (azken galeria 1995ean itxi zen); eraikina eusten duten euskarriek nahiz kanpoko elementu apaingarriek, ostera, Bilboko auzo horretako zuhaitz-guneak imitatzen dituzte. Bilbao Arenak Arch Dailyk antolatutako “2011ko Eraikina" saria irabazi zuen, kirol-instalakuntzen kategorian. Bestalde, Rekaldeko kiroldegia entrenatzeko espazio gisa erabiliko da.

Fan Zone, Zubiarten

Zubiarte merkataritza-guneak Bilbao 2016 Badmintoneko Munduko Junior Txapelketako Fan Zone deritzon gunea hartuko du. Datorren larunbatetik (urriaren 29tik) azaroaren 13ra, zaleek kirol- eta kultura-jardueren eskaintza zabala izango dute, besteak beste honako hauek hartuko dituena barne: jolasak, hitzaldiak, jokalarien presentzia eta “Badmintona artean” erakusketa, asteko egun guztietan irekiko dena, 10:00etatik 22:00etara.