Síguenos en redes sociales:

Abian da Bilbon Artearen asteburua

Museoak eta galeriak 40 proposamen baino gehiago bildu dira agenda batean

Abian da Bilbon Artearen asteburuaAinara García

Artea intentsitatez bizitzeko eta herritar guztiak kalera irtetera, arte-galeriak eta museoak bisitatzera, jardueretan parte-hartzera nahiz sormenaz eta talentu artistikoaz hunkitzera animatzeko 40 proposamen baino gehiago bildu dira agenda batean; bertan aurreikusitako planen artean honako hauek dira aipatzekoak: artistekin topaketak, musika zuzenean, performanceak, tailerrak eta bisitaldi gidatuak.

Beren obra propioak aurkezten dituzten artistak

Artistekin topaketak izatea asteburuko alderdirik nagusietako bat da. Ivan Chacón, Rut Olabarri, Amadou Tounkera, Irene Linares sortzaileak eta Sra. Polaroiska taldeak haien obrak erakutsiko diren galerietara hurbiltzen jendeari arreta eskainiko diote, zuzenean; Antonio Ranieri artistak, berriz, Spazio Ranierin egingo du gauza bera. Zalantzarik gabe, arteko protagonisten eskutik artearengana hurbiltzeko aukera paregabea da. Horretaz gain, larunbateko programazioan, Ainara LeGardon musika-artista, Ana Capilla dantzari eta musika-sortzailea eta Jone Saitua nahiz Idoia Garai performerrak protagonista dituzten hainbat performance egongo dira.

Gaurko, ostirala, eta biharko, larunbata, aurreikusita dauden bisitaldi gidatuek ikusleei adierazpen artistikoak hobeto ezagutzen eta ulertzen lagunduko diete. Plaza Biribileko Turismo Bulegoan Bilboko zinema-emanaldietako lokalen gaineko bi hitzaldi eta bisitaldi programatuko dira; horietan izena eman beharra dago aldez aurretik, bai 94 420 53 30 telefono-zenbakira deituz, bai www.bilbaoartdistrict.com webgunearen bidez. Hiriko eraikin eta espazio desberdinetan dagoen horma-arte garaikidea SC Galleryk antolatutako argibide-ibilbideko protagonista izango da; Aldama Fabre Galleryk, ostera, bisitaldi gidatu bat antolatu du Niloufar Banisadr artistaren erakusketara. Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoa ekimen horretara batu da ere, Xabier Artolozagaren eskultura-tailerra bezala; eskultura-tailer horretan artistak berak hurbilduko die ikusleei bere obra.

Lehen mailako erakusketak arte-galerietan

Asteburu honetarako aurreikusi den guztia Bilbao Art District izenburupean antolatutako udazken kulturalaren aurrerapena baino ez da. Denboraldi osoan zehar lehen mailako erakusketa-kartel bat mantendu dute arte-galeriek. Bertan, erakusketa kolektiboez gain hainbat artisten lan berriak aurki ditzakegu: Miriam Ocáriz, Eduardo Vega de Seoane, Carmelo Ortiz de Elgea, Iñaki de la Fuente, Toni Crabb edo Grip Faces artistena, besteak beste.

Bilboko udazken artistikoa aurrera eramatea posible izan da honako arte-galeriei esker: Juan Manuel Lumbreras, Vanguardia, Kalao Panafrican Creations, Ederti, MH Art Gallery, Rembrandt, Windsor Kulturgintza, Aldama Fabre Gallery, Espacio Marzana, SC Gallery eta La Taller. Hainbat erakunde ere inplikatu dira ekimen honetan, besteak beste: Euskal Herriko Unibertsitatea, Guggenheim Bilbao Museoa, Arte Ederren Museoa, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa, Azkuna Zentroa, Rekalde Aretoa, Ondare Aretoa eta Bilbao Arte Fundazioa. Horrez gain, arteari irekitako hainbat gunek proposamenarekin bat egin dute, besteak beste: Deustuko Zubiko etxola, CFC Bilbao, Euskal Akuarelisten Elkartea, Zaila, Okela Sormen Lantegia eta EHAEO.

Artea museoetan

Guggenheim Bilbao Museoak urteurrena ospatuko du asteburu honetan, eta doan sartzeko bi egun egongo dira, bata larunbatean, urriak 22, eta bestea igandean, hilak 23. Ateak zabaltzeko asteburua museoaren urteurrenaren ospakizunen hasiera baino ez da, hamabi hilabetez egingo dena 2017ko urrira arte, alegia. Gainera, salbuespen gisa, museoa 22:00ak arte egongo da irekita larunbatean. Hori horrela, hiritarrek arte modernoaren funtsezko figuren lana ezagutzeko aukera izango dute, hala nola Francis Bacon artistarena. Gainera, gaur, ostirala, inauguratuko den “Albert Oehlen: Irudiaren atzean” erakusketa bisitatzeko aukera izango dute. Arte Ederren museoan Carmelo Ortiz de Elgea artistari eskainitako atzera begirakoa ikusi ahal izango dute, euskal artistan horren ibilbidearen ia bizitza osoari errepasoa egiten dioten berrogeita hamar bat lanekin.

Sektore estrategiko baten alde elkarrekin egindako ahalegina

Museoek, erakusketa-aretoek, unibertsitateak, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak arte galeriekin bat egin dute, Bilbao Art Districten proposamen kulturala eskaintzeko. Elkarrekin egindako ahalegin hori funtsezkoa da herritarrengan artea sustatzeko helburua duten ekimenak diseinatzeko, eta, horrez gain, Bilborentzat estrategikoak diren industria kulturalean eta artearen sektorean eragin positibo bat sortzeko; izan ere, sektore horiek gaitasun handia dute jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko.

Programa osoa “Emozioen ARTEan” gidan

Antolatutako jarduera guztiak “Emozioen ARTEan” izeneko gidan barne hartu dira, euskaraz zein gaztelaniaz editatu dena. Bertan, informazio zehatza eskaintzen da Bilbao Art Districtek datozen hiru hilabeteetarako antolatu dituen jarduera guztien berri izateko. 15.000 ale banatuko dira turismo-bulegoetan, galerietan, museoetan, ekimenean inplikatutako arte-espazioetan eta hoteletan.