Oraingo honetan, Bilboko erakundeek, frutak eta ortuariak Europa iparraldera eta Penintsula bertara birbidaltzeko duten ahalmena jarriko dute balioan, Europa iparraldera errepidez bidaltzen den frutaren eta ortuarien garraioaren alternatiba eta Hego Ameriketako herrialdeetatik datozen merkantzien sarrera puntua izan daitekeela erakutsiz.
Bilboko Portua eta Mercabilbao merkantzien sarrera eta irteera fluxuak handitzeko egin duten apustuan lankidetzan ari dira iaztik, dauden sinergiez baliatuz, kargatzaile eta itsasoko linea berriak erakartzeko martxan jarritako nazioartekotze estrategiaren bitartez. Estrategia horri esker Mercabilbaok lotura ezarri zuen Erresuma Batua bezalako Europako merkatuekin, Bilboko Portuaren bitartez, frutak birbidaltzeko.
MERCABILBAO
Mercabilbaoren eta Bilboko Portuaren arteko lankidetza, banaketa guneak kateari balio erantsia gehitzeko aurrera daraman estrategiaren barruan sartzen da, eta ohikoak ez diren beste jomuga batzuetara heltzeko eta, aldi berean, karga mistoak bideratzeko aukera zabaltzen da.
Horrelako operazioak errentagarriak dira ekonomiaren eta denboraren ikuspegietatik, Bizkaiko hiriburuak duen kokagune estrategikoari, dauden azpiegiturei, biltegi logistikoei eta garraioen joan-etorriei esker. Lehiakortasunari dagokionez, horrek abantaila eskaintzen die nekazaritza alorreko eragileei.
Mercabilbaok 13 hektarea inguruko azalera du, eta bertan ia mila langile dituzten ehun enpresa inguru ari dira lanean. 2.687 ibilgailu hartzen ditu egunero. Bere eraginpeko gunea Euskadi osora, Burgosera, Errioxara eta Kantabriara heltzen da, eta baita hornikuntzarako beste azoka zentral batzuetara ere, Valladolidera, Segoviara, Nafarroara, Zaragozara eta Asturiasera.
2015ean Mercabilbaoko instalazioetatik 215 milioi kilo fruta, barazki eta ortuari igaro zirela azpimarratu behar da.
BILBOKO PORTUA
Europa iparraldera eta Iberiar Penintsulara bertara frutak eta ortuariak banatzeko ondoen konektatuta dagoen Atlantikoko portua da. 2015ean trafiko hori 169.528 tonakoa izan zen. Trafiko horretan azpimarratzekoak dira ortuari izoztuak, tipulak, baratxuriak eta porruak, patatak eta zitrikoak. Edukiontzi frigorifikoen kopuruak %23 egin zuen gora.
Bilboko Portuaren merkatu nagusiak Erresuma Batua eta Irlanda dira. Esportazioari dagokionez gehien hazi diren herrialdeak, berriz, Suedia eta Polonia dira; ozeanoz haraindiko merkatuei dagokienez, gehien hazi direnak Txinatik eta Txiletik egindako inportazioak dira.
Bilboko Portuak edukiontzietarako lo-lo zerbitzuak eta edukiontzietarako eta merkantzia daramaten kamioietarako ro-ro zerbitzuak ditu. Europarekin soilik, hamabost zerbitzu zuzen ditu edukiontzien bitartez, eta edukiontzietarako eta merkantzia daramaten kamioietarako trafiko errodatuko hiru zerbitzu. Europako jomuga nagusiak Erresuma Batua, Herbehereak, Irlanda, Norvegia, Polonia eta Suedia dira.
Estatu iparraldeko edukiontzi terminal garrantzitsuena du eta, halaber, baita sakonera handienekoa ere. Konexio frigorifikoetarako 485 hartune ditu eta emakidaren barruan trenbide terminal bat, bakoitza 450 metroko lau trenbiderekin. Aurten, Noatum Terminal Container Bilbao enpresa emakidadunak trenbideak handitzeko proiektuari hasiera emateko helburua du, eta horrek 550 metroko luzera arteko trenak bertan jarduteko aukera eskainiko du.
Beste alde batetik, 25.000 metro kubikoko, hau da, 5.000 tona produktuko, ahalmena duen produktu galkorren terminal bat (Frioport) ere badu. Biltegiratzeko modulu anitzek merkantziak +12º eta -5º C gradu artean (freskoak/hoztuak) eta -22º C arte (izoztuan) kontserbatzeko aukera ematen du.
Horrez gain, zenbait biltegi pribatu ere baditu, 12 kai ?800 metro karratu inguru? dituzten Progeco Bilbaorenak, adibidez, cross-docking-erako, produktu galkorrak kamioi frigorifikotik edukiontzira tenperatura kontrolatuan pasatzeko. Iaz, Progecok ekipo frigorifikoen konponketan espezializatutako 400 metro karratuko tailer bat ere jarri zuen martxan.Hego Amerikatik eta Afrikatik datozen fruten eta ortuarien sarrerarako, Bilboko Portuak, deskargako 16 kai dituen Mugen Ikuskaritza Postu bat dauka.