Bilboko eta Brno txekiar hiriko udalek mailarik goreneko bilera egin dute lankidetza-bideak bultzatzeko
Bi udalek hirien arteko hegazkin-konexioa sustatzea aztertu dute
Udal biek topaketari garrantzi handia eman nahi izan diote, horregatik bertaratu dira bi alkateak udaleko goi-kargudunekin batera. Bilboren kasuan, honako hauek ere hartu dute parte: Alkatetza, Garapen Ekonomikoa eta Gobernu Onaren zinegotzi koordinatzaileak, Mikel Álvarezek; Hiri Plangintza Saileko zinegotziak, Asier Abaunzak; Mugikortasun Politika, Ingurumen, Etxebizitza eta Garapen Osasungarriko zinegotzi koordinatzaileak, Alfonso Gilek; eta Kultura Saileko zinegotziak, Nekane Alonsok. Brnoko Udalari dagokionez, hauek izan dira parte-hartzaileak: Hiri Estrategiaren arduraduna eta alkateordea, Jaroslav Kacer; Nazioarteko Harremanetako arduraduna, Jana Sancova; eta Brnoko Estrategia Bulegoko kide bat, Jakub Rybar.
Bilbo eta Brno ?Txekiar Errepublikako bigarren hiririk handiena? hiriek kultura eta turismoa bi hirien arteko lotura-elementuak eta lankidetzarako elementuak izatea nahi dute. Kulturari dagokionez, bi udalek elkarren arteko partaidetza lortu nahi dute arte-adierazpen desberdinetako jaialdietan. Txekiako hiriak nazioartean garrantzia duten hainbat kultura-ekitaldi ospatzen ditu, besteak beste Jazzfest, Theatre World Brno, Music Festival, Folklore Festival eta Philarmonic Festival jaialdiak. Turismoari dagokionez, bi udalak aztertzen ari dira Bilbo eta Brnoren arteko hegazkin-konexioa sustatzea bisitariak erakartzeko nahiz bi hiriburuen arteko merkataritza-harremanak sendotzeko xedearekin.
Udal-arduradun nagusiek hiri adimentsuen bultzadari lotutako garapen ekonomiko eta sozialaren aukerak aztertu dituzte, baita ikerketa zein berrikuntza eta ingurumenari dagokionez degradaturik dauden guneen berreskurapena ere. Era berean, lan-bilerak Bilbon eta Brnon dauden unibertsitate- eta ikerketa-zentroen arteko lankidetza sustatzeko modua aztertu du.
Gaur aurkeztutako lankidetza-proposamenen balioak txekiar hiriko ordezkariak Bilbora joatea eragingo du ?oraingo honetan, profil teknikoagoa duten pertsonak izango dira? udal biek ezarritako sinergiak zehaztu eta sinergiok eragingarri egiteko.
Guggenheimera, Azkuna Zentrora eta Deustuko Unibertsitatera bisita
Txekiar ordezkaritzak Guggenheim Bilbao Museoa eta Azkuna Zentroa bisitatuko ditu arratsalde honetan; bi leku horiek kultura eta turismoa garapen ekonomikorako zein hiriaren garapenerako motor bilaka daitezkeenaren adierazgarri dira. Bihar goizean, osteguna, Brnoko ordezkaritzak lan-bilera bat izango du Bilbao Ekintzarekin; bertan, Bilboko Udalak turismoa sustatzeko eta nazioartean garrantzia duten ekitaldiak bilatzeko abian jarritako estrategiak ezagutuko ditu. Agenda Deustuko Unibertsitatean egindako topaketa batekin osatuko da, unibertsitate horretako errektorea den José María Guibertek hartuko baitu txekiar ordezkaritza bertan.
Txekiar Errepublikako administrazio, unibertsitate eta epai-zentroa
Brno hiria Hego Moraviako administrazio-zentroa da eta Txekiar Errepublikako hego-ekialdean dago. 400.000 biztanle inguru ditu eta bere metropoli-eremuak 800.000 pertsona baino gehiago biltzen ditu. Brno honako hauen egoitza da: Txekiar Errepublikako agintaritza judizialarena, Konstituzio Auzitegiarena, Auzitegi Gorenarena, Administrazioko Auzitegi Gorenarena eta fiskal gorenaren bulegoarena. Halaber, herrialdeko unibertsitate-zentro garrantzitsuenetako bat da; izan ere, 33 fakultate eta 90.000 ikasle inguru ditu.