BILBO. Ekimenaren bitartez, Bilboko Udal Liburutegien Sareak liburuak eta aldizkariak jarriko ditu guztien esku eta umeei zuzendutako irakurketa sustatzeko jarduerak antolatuko ditu.

Herritarrek liburuekin eta irakurketarekin bat egiteko dituzten aukerak zabaltzea da xedea.

Horrela, ohiko zerbitzuez gain (kontsulta, liburuen mailegua, CD eta DVDak, hemeroteka, Internet, eta abar), Bilboko udal liburutegiak "kalera irtengo dira udan", Bilbao Kirolak erakundearen esku dauden Errekaldeko eta Txurdinagako kiroldegietan eguzkia hartzeko lekuetan eta igerilekuetan dauden erabiltzaileengana irakurketa hurbiltzeko, 11:30etik 19:30era bitartean.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, programaren bitartez irakurketa zerbitzua eskainiko da, eta horretarako liburuak -eleberriak, haur eta gazte literatura, autolaguntzako liburuak eta abar-, eguneroko prentsa eta aldizkariak jarriko dira guztien esku.

Horrez gain, igerilekuetatik liburuen mailegu zerbitzua ere erabili ahal izango da. Horrela, irakurleek etxera eraman ahal izango dituzte interesatzen zaizkien liburuak, ezarriko den epearen barruan aisia gunean bertan itzultzeko baldintzarekin, Euskadiko Irakurketa Publiko Sareko edozein liburutegiko karneta eskainiz. Karnet hori ez duten pertsonek bertan jaso ahal izango dute eskaera orria, Bilboko Udal Liburutegien Sareko edozein bibliotekatan entregatzeko, bete eta gero. Ohikoa denez, jarduera horien barruan irakurketa sustatzeko tailerrak ere gauzatuko dira, umeei zuzenduta.