Síguenos en redes sociales:

Bilboko Udalak Munduko Alkateen eta Hirien Foroan parte hartuko du Singapurren

Aburto Alkateak esperientziak partekatuko ditu Lee Kuan Yew saria jaso duten hiriekin

Bilboko Udalak Munduko Alkateen eta Hirien Foroan parte hartuko du SingapurrenJ.M. MARTÍNEZ

BILBO. Bilboko Udalak jakinarazi duenez, biltzarrean arlo horretako politikoak, buruzagiak eta adituak biltzen dira joera eta irtenbide berritzaileak aztertzeko eta identifikatzeko, hiriek orain dauzkaten eta gero izango dituzten erronkei aurre egiteko balioko dutenak.

Aurtengo ediziora Europa, Afrika, AEB, Latinoamerika, Ekialde Ertaina, Ozeania eta Asiako ehun bat hiri gonbidatu dituzte. Foroaren izenburua "Bizitzeko egokiak eta jasangarriak diren hiriak: Aukerako hiri berritzaileak" da aurten. Parte hartzaileek aurreko edizioan hasitako azterketarekin jarraituko dute, hain zuzen ere, hiri berrikuntzako jardunbiderik onenen eta hirietako buruzagien arteko lankidetzaren arloan.

Horrela, Bilboko alkateak igandean parte hartuko du World Cities Summit alkateen foroan, eta "Bilbo benetako 'smart city' bat eta herritarren zerbitzura dagoen hiri berritzaile eta teknologikoko prestatua izan dadin garatzen ari diren lanak eta estrategiak" erakutsiko ditu.

Halaber, datorren astelehenean, uztailaren 11n, 2016ko Lee Kuan Yew saria Kolonbiako Medellin hiriari emateko ekitaldietan parte hartuko dute Bilboko ordezkariek. Eguna hasteko, Singapurreko Garapen Nazionalerako Ministerioko agintari nagusiak eta saria jaso duten lau hirietako ordezkariak (Bilbo, New York, Suzhou eta Medellin) bilduko dira eta hiri bakoitzean garatutako azken ekimenak erakutsiko dira. Gero, sariaren bilkura, Medellin hiriko hitzaldi nagusia eta Lee Kuan Yew saria emateko ekitaldi ofiziala izango dira.

Asteartean, uztailaren 12an, World Cities Summit fororen osoko bilkura egingo da, eta parte hartzen ari diren hirietako gobernamendu, planifikazio eta berrikuntzako praktika desberdinak aztertuko dituzte, "Biharko hiriak" izenburupean.

Era berean, egun horretan, Bilboko Udaleko ordezkariak Munduko Foroaren harira antolatutako erakusketara joango da. Izan ere, Bilbok erakustokia izango du Eusko Jaurlaritzako SPRI Taldearekin lankidetzan. Erakustoki horretan IT Gaia klusterra, Mugikortasuneko klusterra, Ner-Nerei Architecs taldea eta Wifi Nova enpresa izango dira.

ENPRESA-ERAKUNDEAK TOPAKETAK

Asteazkenean eta ostegunean, uztailaren 13an eta 14an, foroaren osagarri diren enpresen eta erakundeen arteko topaketak izango dira, biltzarrean bertan sortzen direnak edo zenbait alkatek Bilboko errealitatea ezagutzeko eskatu dituztenak, adibidez, Auckland (Zeelanda Berria) eta Muntinlupa (Filipinak).

Era berean, Aburtok Singapurren ezarritako enpresa batzuk bisitatuko ditu, adibidez, Digipenen campusa, eta bertan bilera egingo du Jason Chu Operazioetako Nazioarteko zuzendariarekin eta Ignacio Otalora Digipeneko Bilboko zuzendari nagusiarekin. Gainerako bisitak eta topaketak SPRIren bidez ari dira antolatzen, ekintzailetzan aitzindariak diren enpresa, enpresa hasiberri eta talentuak erakartzeko enpresekin.

Azkenik, Bilboko Alkateak Singapurren bizi eta zenbait enpresetan lanean ari diren hamar gazte ingururekin izango da. Programa ofizialarekin batera, Xabier Ochandianok Gazte Aitzindarien Biltzarrean parte hartuko du. Beren ikuspegi eta esperientziatik abiatuta, hirietako aldaketei eta hirigintza arloko arazoei eman beharreko irtenbide berritzaileei buruz eztabaidatuko dute.