Artxandako funikularrak bisita gidatuak eskainiko ditu euskaraz ostiraletan
Bisita doakoa izango da eta aldez aurretik eskatu behar da
BILBO. Artxandako Funikularra sozietateak bisita gidatuen zerbitzua antolatzea erabaki zuen urte hasieran, 2015eko urrian funikularraren lehen mendeurrena zela-eta antolatutakoen arrakasta ikusita. Otsaileko larunbat goizetan hasi ziren ordu eta erdiko bisitak, 25 pertsonako taldeetan, eta harrezkero 500 bisita izan ditu.
Lortutako arrakastaren aurrean, bisitak ostiral arratsaldeetan ere egitea erabaki da, oraingoan euskaraz. Horrez gain, taldeek aldez aurretik eska ditzakete bisitak, euskaraz zein gaztelaniaz, eguna eta ordua zehaztuta. Horrela, bisitak arratsaldeko 19.00etan izango dira ostiraletan, euskaraz, eta goizeko 11.00etan larunbatetan, gaztelaniaz. Erreserbak egiteko 94 401 00 10 edo 010 telefonoetara dei daiteke.