Begoñazpi ikastola First Lego League Global Award mundu mailako finalean izango da
BILBO. Berrikuntza eta zientziaren inguruko munduko eskola lehiaketarik garrantzitsuenetakoa da, eta ikastola bilbotarreko ikasle taldea aste honetan joango da Washingtonera, AEBetako 14, Kanadako hiru eta Alemaniako eta Txileko banaren kontra lehiatzera.
Begoñazpiko DBHko 4. mailako bederatzi ikaslek osatutako eColors taldeak aurkeztutako proiektuak paper zati bustiak berrerabiltzeko irtenbidea proposatzen du, bide batez, edredoi eta arropetan isolatzaile termiko moduan erabiliz. Innobasquek sustatzen duen First Lego League Euskadin irtenbide berritzailerik onena izateagaitik aukeratu zuten proiektua. Geroago, Firts Lego League Espainiak mundu mailako fasean Estatua ordezkatzeko hautatu zuen.
10 eta 16 urte arteko ikasleen artean zientzia, teknologia, berrikuntza eta sormena sustatzea helburu duen lehiaketak bost kontinenteetako 80 herrialde batzen ditu, eta datorren astean, FLL Global Innovation Award lehiaketaren seigarren edizioan 20 talde finalistek euren proiektuak aurkeztuko dituzte Washingtonen dagoen AEBetako Marka eta Patenteen Bulegoan.
Lehiaketaren proiektu irabazleak 20.000 dolar estatubatuar jasoko ditu, eta bigarren eta hirugarren saridunek 5.000na dolar. Sari guztiak proiektuak abian jartzera bideratu beharko dira.