Síguenos en redes sociales:

Bilboko merkatarientzako euskara ikastaroetan 176 lagun parte hartzen ari dira

Bilboko merkatarientzako euskara ikastaroetan 176 lagun parte hartzen ari diraJuan Lazkano

BILBO. Bilbon merkataritzan lan egiten duten pertsonentzako Biribilko programako euskara ikastaroetan 176 loagun matrukulatu dira aurtengo ikasturtean, hau da, aurreko ikasturtearen aldean, %12,1 igo da parte hartzaileen kopurua.

Maiatzera eta ekainera arte bi ikastaro mota ematen ari dira. Alde batetik, 87 orduko euskara komertzialeko oinarrizko ikastaroa dago, euskaraz ez dakitenentzat edo oso gutxi dakitenentzat. Ahozko oinarrizko komunikazioa lantzen dute eta merkataritzako egoera arruntetarako hizkuntza oinarriak ematen dizkiete. Beste alde batetik, euskara hobetzeko 100 orduko ikastaroa dago, ahozko euskararen eta idatzizkoaren maila hobetu nahi dutenentzat.

Bilboko Udalak gogorarazi duenez, 2008an, Udal Euskara eta Hezkuntza Sailak eta Bilbao Ekintza udal sozietateak, HABErekin, euskaltegien sarearekin eta Bilbao Dendak elkartearekin elkarlanean, merkataritzan euskara sustatzeko Biribilko programa abiartazi zuten, hiriko merkataritzan euskararen normalizazioari eta euskara agerian egoteari bultzada emateko asmoz.

Bilboko Udalarentzat, merkataritza hirian gizarte eta ekonomiaren ikuspuntutik dauden sektoreetan garrantzitsuenetakoa da. "Alde batetik, Bilbo inbertsiorako hiri erakargarria izatea, enplegua eta aberastasuna sortzen dituen hiria izatea eta nortasunari eustea garrantzitsuak dira gure hiriak etorkizunari begira identifikatuta dituen lau erronketan, eta, hain zuzen, nortasunari eusteko euskarak berebiziko garrantzia du", azaldu du. Modu honetan, Bilboko Udalak Biribilko programarekiko konpromisoa berretsi du 2016-2017 ikasturteko ikastaroei begira.

Aurreko edizioan Biribilko programako ikastaroetara joan ziren pertsonen balorazioak oso onak izan ziren, eta 0 eta 10 arteko eskala batean batez besteko puntuazioa 8,4 izan zen 2014-2015 ikasturtean. Gainera, ikastaroa amaitu zuten ikasleen indizea %68,3 izan zen.

Biribilko programako ikastaroak Bilboko zortzi euskaltegi homologatutan ematen dituzte, alegia, Bilbo Zaharra, Gabriel Aresti, Indautxu AEK, Juan Mateo Zabala, Matxintxu AEK, Lizardi AEK, Santutxuko AEK eta Ulibarri euskaltegiak.