BILBO. Topaketa honetan, Argentinako hiriko udal ordezkariak oso interesatuta azaldu dira, mundu osoko hiri eta herrialde askok garapen jasangarriaren arloko erreferentziatzat jotzen duten Bilboko hiri-eraldaketa eta hiri kudeaketa ereduaz.
Rodolfo Alejandro Suárez Mendozako Alkatea, abokatua eta Mendozako nahiz Argentinako politikagintzan oso errotuta dagoen familia baten ondorengoa, iazko abenduan jabetu zen karguaz, botoen % 60 inguru jasota, zenbait urtez zinegotzi lanetan jardun ondoren.
Gaurko bilera, Bilboko Alkatea partaide duten nazioarteko jarduera eta harremanen agenda zabalari atxikitakoa, zeharo lagungarria izan da Bilbok Mendoza hiriarekin eta Argentina osoarekin dituen loturak estutzeko, bereziki kontuan hartuta 40 bat euskal enpresa herrialde hartan finkatuta daudela, gehienak finantza, energia, teknologia eta eraikuntza sektoreetakoak.