Xabier Ochandiano Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak, Oihane Agirregoitia, Gazteria eta Kirol zinegotziak, Carlos Sergio Antxotegi, Bizkaiko Foru Aldundiko Kiroletako aholkulari nagusiak eta Joel Sepulveda, Bilbao Triathloneko arduradunak, berriaren garrantzia nabarmendu dute. "Oso positiboa" dela adierazi dute; izan ere, Bizkaiko hiriburuaren kirol programazioan dagoeneko hitzordu klasiko bihurtu denaren erakargarritasuna indartu da.

Distantzia erdia edo half modalitatea honako hau egitean datza: 1.800 m igerian, 90 km bizikletan eta beste 21 km korrika; distantzia olinpikoan, aldiz, 1.500 m, 45 km eta 10 km egin behar dira hurrenez hurren.

Modalitate berri horretan 2016an Rio de Janeiron ospatuko diren olinpiar jokoetako distantzia bera egiteko aukera izango da. Hala, kirolarien parte-hartzea areagotzeko asmoa dute antolatzaileek eta sustatzaileek, lehenengo ediziotik izan baitute erronka hori. Distantzia erdiak edo half modalitateak, askotan, errespetu handiagoa eragiten die triatloiaren zaleei; izan ere, beren gustuko kirolaz gozatu nahi dute, baina ibilbidearen zailtasuna dela-eta, gehiegizkotzat jotzen dute.

Bi lehiaketa agertoki berean

Bi probak leku beretik igaroko dira eta toki berean egingo dira: lehiakideek Bilboko itsasadarrean igeri egingo dute, Alto del Viverora igoko dira bizikletan eta hirigunean arituko dira korrika, Guggenheim museoaren eta Euskalduna Jauregiaren ondotik. Antolakuntzak plan zorrotz bat diseinatu du bi probetako triatletek ez dezaten ibilbidean zehar bat egin. Horrela, ekitaldi oso bat bermatuko da, hirian eragin txikia izango duena, eta erosoa izango dena bai parte hartzaileentzat bai aparteko ikuskizunaz gozatzera hurbiltzen direnentzat.

Lehiaketa olinpikoari 09:00etan emango zaio hasiera itsasadarrean, Uribitarte kaiaren parean; distantzia erdia edo half modalitatea, aldiz, 10:00etan hasiko da. Itsasaldien arabera ezarri den ordutegiari eta bi distantziak aldi berean egiteari esker etengabea izango da Areatza inguruko jarduera arratsaldeko seiak arte, hau da, kontrol-itxiera ezartzen den arte. Horrez gain, antolatzaileak aldi berean egingo diren hainbat jarduera prestatzen ari dira. Hiritarrak triatloiaz gozatzera hurbil daitezen eta eguna jai-giroan igaro dezaten.

Nazioarteko ordezkaritza handia

Eliteko hainbat triatletek dagoeneko baieztatu dute 2016ko Bilboko Triatloian lehiatuko direla, besteak beste Åsa Lundström suediarrak, 2013ko irabazleak, Andrew Starykowiczek, Ironman probetako bizikleta sektoreko errekordunak, eta Britainia Handitik datozen Philip Gravesek, Ironman bat irabazi duen triatletarik gazteenak, eta Douglas Robertsek.

Nazioartean erreferente diren izen horiekin batera lehiatuko dira, besteak beste, Gustavo Rodríguez, 2014ko eta 2015eko irabazlea eta ITU sailkapenean munduko distantzia luzeko lehenengo sailkatua 2015ean, eta Fernando Gómez Cubero, Bilboko podiumera hainbat aldiz igo dena. Emakumeen mailan, besteak beste Judith Corachán, Estefanía Gómez eta Dolça Ollé izango dira.

Herritarren parte-hartzeari dagokionez, lasterketarako hiru hilabete baino gehiago falta direnean izen-emateek erritmo onean jarraitzen dute. Datozen egunetan gorakada bat egotea espero da, otsailaren 15ean itxiko baita izena emateko lehenengo epea, eta ordutik aurrera prezioak gora egingo baitu.

Webgune ofizialaren estreinaldia

Probaren seigarren edizioaren atzera-kontaketa hastearekin batera, Bilboko Triatloiaren webgune berria estreinatu da: www.bilbaotriathlon.com. Garrantzia handia eman zaio edukien banaketari, eta webgune bisualagoa eta interaktiboagoa lortu dute, triatletei informazio argiagoa, eskuragarriagoa eta parte-hartzaileagoa eskaintzeko. Informazio hori Facebooken (www.facebook.com/BilbaoTriathlon) eta Twitterren (@BilbaoTriathlon) bidez ere eskaintzen dute.