BILBO. Frank Gehry zubia Zorrotzaurreko etorkizuneko irlara sartzeko bide bakarra izango da, oinez zein ibilgailuz, astearte honetatik, urtarrilaren 19tik. Bilboko Udalak Euskaldunako biribilgunearen ondoko eremua hustuko du, Kanalerako lurrak industeari ekin aurretik piloteak ipintzeko lanak amaitzeko asmoz. Horretarako, irlara sartzeko gaur egungo errepidea trafikorako itxi behar da, eremu horretan ibilgailuen joan-etorririk izan barik.
Horrela, asteartetik aurrera, Frank Gehry zubia irlarako lotura bakarra izango da. Horretarako, bina errei egongo dira norako bakoitzean, bidegorriaz eta jarleku luzedun espaloiez gain. Orduan hasiko dira itsasadarretik gertuen dauden Kanalaren mutur bietan piloteak ipintzen, Zorrotzaurre irla bihurtuko duten Kanaleko lurrak industeko lanei ekin aurretik.
Hori dela eta, trafikoa behin betiko etenda geratuko da Deustuko Erriberaren eta Euskaldunako biribilgunearen artean. Asteartetik aurrera, Zorrotzaurrera ibilgailuz sartu ahal izango da Frank Gehry zubia zeharkatuta, eta zubitik irteteko, Olaeta Baletak kalea erabiliko da, trafikoaren oraingo noranzkoan.