Síguenos en redes sociales:

Udalak bizikletak hartzeko eta uzteko gune berri biren aurkezpena egin du

2015ean, 20.600tik gorakoak izan ziren Bilbon Bizi zerbitzuaren erabiltzaileak eta maileguak guztira 277.744 izan ziren

Udalak bizikletak hartzeko eta uzteko gune berri biren aurkezpena egin duPablo Viñas

BILBO. Udaletxearen aurrean egongo da neurgailua jarrita. Sistema horren bidez denbora errealean eman daiteke bizikleten zirkulazioaren datu zehatza, baita pasatu diren txirrindularien kopurua egiaztatu ere. Totemak pantaila bi ditu: batean egunean pasatzen diren bizikleten maiztasuna neurtzen da eta besteak urtean metatutako datuak eskaintzen ditu.

Neurketa-sistemak eguna eta ordua erregistratzen ditu, baita Zazpi Kaleetarantz eta Deusturantz abiatutako bizikleten kopuruak ere. Herritarrak sentsibilizatzeko eta bizikleta hiri-garraio jasangarri erabilgarria dela agerian uzteko honen moduko sistemak badituzte Europako beste hiri batzuek; hala nola, Varbergek (Suedia), Fribourgek, Karlsruhek, Offenbourgek (Alemania) eta Bartzelonak.

Bizikleten mailegurako gune berri bi Epalza kalean eta Trenbideko etorbidean

Gaur goizean izandako aurkezpen-ekitaldian Alfonso Gil alkateorde eta Mugikortasun Politiken, Etxebizitza eta Garapen Osasungarriaren koordinatzaileak bizikletak maileguan uzteko udal zerbitzuaren beste berrikuntza batzuk azaldu ditu. Esate baterako mailegurako gune berri bi egongo dira hemendik aurrera eta guztira Bilbo osoan 27 izango dira. Epalza kalean eta Trenbideko etorbidean (Iralako igogailuaren ondoan) egongo dira bizikletak maileguan hartzeko eta uzteko gune berriak. Inbertsioa, BEZa barne, 80.000 eurokoa izan da.

Campo Volantinen bizikletak maileguan hartzeko eta uzteko gunean ere berrikuntza bat dago; izan ere, San Agustin eraikinera, udaletxe ondora, aldatu da-eta.

Bilbon Bizi zerbitzuaren erabiltzaileak 2015ean 20.600 pertsona baino gehiago

2015eko abenduaren 31ra arte, guztira, Bilbon Bizi bizikleten mailegu automatikoaren zerbitzuan erabiltzaile gisa erregistratutako pertsonak 20.622 izan dira eta urte guztian izandako maileguak 277.744 izan dira; hots, batez beste, 783 mailegu egunean.

Zerbitzua erabiltzen dutenen % 94 Bilbon erroldatutako pertsonak dira eta % 6 Euskadiko beste udal batzuetan erroldatutakoak. 30 eta 44 urte bitartekoak dira zerbitzua gehien erabiltzen dutenak eta 18 urtetik beherakoak gutxien erabiltzen dutenak. Emakumezko erabiltzaile bakoitzeko gizonezko bi daude. Zerbitzuan adin aurreratuena duen pertsonak 90 urte ditu.

Denbora-tarteei dagokienez, 12:00etatik 16:00etara eta 17:00etatik 20:00etara dira erabilerarik handienekoak. Anekdota modura 141 zenbakiko bizikleta da erabiliena, guztira 7.054 bider erabili dute-eta. Bizikletak hartzeko eta uzteko gunerik erabiliena Arriaga plazakoa da. Bizikleten mailegu automatikoaren zerbitzua urte guztian erabil daiteke, Aste Nagusian izan ezik.

App Bilbon Bizi

2015eko irailetik, Bilbon Bizi zerbitzuak doan deskargatzeko aplikazioa dauka, App Bilbon Bizi (Google Play eta App Storean dago). Aplikazio honen bidez, erabiltzaileek puntu bakoitzean erabilgarri dauden bizikletak eta euskarriak zenbat diren ikus ditzakete, bai eta zerbitzuaren gorabeherekin lotutako beste informazio batzuk ere. Gainera, estazioen mapa bat, kilometro kontagailua, CO2 isurpenen adierazlea eta telefono interesgarrien zerrenda bat dauzka.