Lehendik daudenak baino handixeagoa izanik, 150 x 150 cm, Alkateen Gelako 23. zenbakia darama. Euskal Herriko gaur egungo pintura errealistaren adierazlerik handienetakoa den Lazkano artistak Ibon Aresoren erretratu doia egin du, zutik agertzen da, Alkatearen makila eskuan duela.

Olio-pintura horretan erretratua ez eze, Artxandatik begiratuta kontenplatu daitekeen Bilboko panoramika ere ikusten da. Azpimarratzekoa da kolorearen eta argiaren tratamendua. Bilbo maketa bat balitz bezala agertzen da; bertan, Areso Alkateak Udalean zegoela bultzatutako proiekturik behinenak antzeman daitezke: Guggenheim Museoa, Euskalduna Jauregia, Abandoibarra eta Iberdrola Dorrea, Miribilla auzoa eta abar.

Lazkano artistaren xehetasunak, perfekzionismoak eta hiperrealismoak bere paisaia urbanoak pintarratzen ditu eta, horri esker, Bilboko paisaia urbanoaren hainbat zehaztasunetan erreparatzeko aukera ematen du: Botxoaren inguruko mendiak, itsasadarra uria egituratzen duen ardatz moduan (eta eraberritze urbanoaren funtsezko elementuetako bat), Zazpi Kaleak, ibaiertzak lotzen dituzten zubiak etab. Nabarmentzekoa da tonu berdeak eta urdinak nagusi diren koadroaren osaeraren oreka; izan ere, ohikoak baitira gurean kolore horiek uriaren klimatologia dela eta. Emozioak sentiarazi eta gogoeta egitera bultzatu gura gaitu artistak, uriak azken hamarkadetan izandako aldaketaren argazki zehatza eginda: lehena eta geroa.

Ez da pertsonaia lehenengo planoan erakusten duen ohiko erretratua, ezpabere ze pertsonaia bera da uriaren arkitekturan eta paisaian sartzen dena eta Ibon Areso Alkateak Bilbo eraberritzearen alde egindako lana onartzera eta mirestera daramana ikuslea.

Ibon Aresoren ibilbide politikoa aitortzea xede duen koadro hau da, 1873az geroko Bilboko Alkate gehienen erretratuak dagozkien testuinguruetan kokatuta biltzen dituen erakusketari gehitu zaion azkena.