BILBO. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eta Bizkaiko Arrantza Federazioak Bilboko Itsasadar Handia arrantza eskolaren ikasturte berria jarriko dute martxan datorren igandean, irailaren 13an, Bizkaiko hiriburuko Erripa kaian, aurreko urteetan parte hartzean izandako arrakastaren ondoren eta itsasadarreko biologiak eta landareek bizi duten susperraldiaz gozatzen jarraitzeko.
Modalitate honetan, arrainak harrapatu eta askatu egiten dira, ahalik eta arinen eta kontu handienaz uretara itzuliz.
Antolakuntzak jakinarazi duenez, jarduera 16 urtera bitarteko gazteei dago zuzenduta, eta, ohikoa denez, Erripa kiaian egingo da, Areatzako zubiaren ondoan, 11:30etik 13:30era, azaroaren 15era arteko igande guztietan. Halaber, eta hilabete honetan DibertigarRia Itsasoaren eta Itsasadarraren Azokarekin bat eginez, irailaren 19an eta 20an arrantza eskola Itsas Museoko zabalgunera eramango da; larunbatean, ordutegi jarraitua izango da, 17:00etatik 20:00etara bitartean, eta, igandean, ohiko ordutegia izango da, goizez.
Eskolako parte hartzaile guztiei aseguru bat egingo zaie, eta beharrezko baliabide teknikoak ere jarriko dira euren esku: arrantzako ekipo osoak (kanaberak, txirrikak, berunak, amuak), neurtzeko eta pisatzeko tresnak (metroak, baskulak, kuboak, balizatzeko zintak), ikasteko materiala (dianak eta doitasun eta jaurtiketa materialak), ordezko piezak eta abar. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak gogorarazi du eremua egokitu egin dela, ezintasun fisikoa duten pertsonek ere bertara joateko aukera izan dezaten.
Jarduera hau abian jartzea, duela hamar urte, erronka handia izan zen Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarentzat zein Bizkaiko Arrantza Federazioarentzat, eta proiektuaren emaitzak "hasieran uste zena baino askoz harrigarriagoak izan dira". Horrela, 2014. urtean 1.500 ikasle baino gehiago aritu ziren kirol arrantzan. "Harrapaketak gero eta gehiago izateak zein sailkatu diren espezieen askotarikotasunak agerian uzten dituzte itsasadarraren osasun ona eta haren uren leheneratzea", adierazi dute.