Síguenos en redes sociales:

Bilboko Rekalde Aretoak bisita iruzkinduak eskainiko ditu Aste Nagusian

Ibai León eta Eduardo Gruber artisten erakusketei bisita iruzkinduak antolatu ditu eguerdiko 12:30ean

Bilboko Rekalde Aretoak bisita iruzkinduak eskainiko ditu Aste NagusianDEIA

BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, aretoak Eduardo Gruber Gamechogoicoechearen formatu handiko marrazki erakusketa aurkezten du. Proposamen honek erakutsi asmo du zer garrantzitsua den artista honek espiral baten gisara eraikitzen duen kontzeptu pertsonala, denboraren aurka lan eginez eta utopia bilatuz. Hain zuzen ere horregatik Utopia deitzen da erakusketa hau.

Gruber berak sarri aitortzen du xehetasunak edo pentsamenduak idazten dituela azaleren gainean, eta haietara behin eta berriro itzultzen dela artelana sortzeko prozesuaren barruan, marrazkia limite edo mugarik gabeko espazio bihurtzearen jakitun. Bada, beraren marrazkien zenbait sail bilduko dirua Bilboko erakusketan: Acuarios eta Boxeo berrienak, batetik, baina baita aurretik erakutsi gabeko zenbait lan ere, bestetik.

Ibai León artistaren erakusketa Kabinete Abstraktuan egongo da ikusgai, "Barriek 2015" programaren barruan. Programa horren bidez, ezagutzera ematen dira Bizkaiko Foru Aldundiak sorkuntza artistikorako ematen dituen bekak jaso dituzten artisten lanak. Urte honetan zehar egin diren aurreko erakusketetan, Erika Edek, Laurita Silesek, Ion Macarenok eta Juana García-Pozuelok erakutsi dituzte lanak Rekalde Aretoko erakusleihoan.

Paisaia da Ibai Leónen lanen gai nagusia. Artistak hainbat lekutatik hartutako zatiak biltzen ditu, eta ilustrazio digitalak bai pinturarekin eta bai bolumenean dauden formekin konbinatzen ditu. Ibairentzat, "pieza bakoitzak aipatzen ditu inon ez diren lekuak, eta paisaia bakoitzak postal bat birsortu nahi du, alde egiteko nahikaria pop tonuan etenda".

Artistak dioenez, bere obra proiektu irekia da, eskultura eta ilustrazioaren arteko bide erdian; eta beti agertzen dira zura, pintura akrilikoa eta material sintetikoak.