BILBO. Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko Zinegotzia den Mariano Gomezek, azoka antolatzeaz arduratzen den Arbaso Euskal Herriko Artisautza Tradizionala Sustatzeko Elkartearen arduradunekin batera, Aste Santuan berriz ere Bilbora itzuli den erakusketa hau antolatu du gaur. Aste Santuak aukera paregabea ematen du Euskal Herriko artisau-produktuak bilbotarrei nahiz egunotan Bizkaiko hiriburuan bilduko diren milaka turistei erakusteko. “Kalitate goren-goreneko produktuak dauzkagu, eta zuzeneko salmentaz eta gure artisauekiko hartu-emanei esker, errazagoa egiten zaigu bezeroengana hurbiltzea”, nabarmendu du Bernat Vidal Arbasoko presidenteak.
Eskutartiek, Bilboko Arriaga Antzokiaren ondoko kokapenean, beira, zeramika, larrua edo zura erabiliz landutako produktuak erakutsiko ditu, baita bitxigintza eta ehungintzako lanak eta oinetakoak ere, besteak beste. Salmahi batzuetan, halaber, artisautzako produktu gastronomikoak izango dira salgai, hala nola, jogurtak, gazta, euskal pastela eta gozokiak. Galiziako artisauek, bestalde, itsas-maskorrez eta larruz landutako produktuak eta oinetakoak jarriko dituzte ikusgai eta salgai. Honela, Eskutartiek mugak gainditu eta eskaintza zabaldu du, jendeari Euskal Herrian landutako produktu tradizionalen halakoxe osagarri bat eskainiz. Azoka gaur hasi eta apirilaren 6a (astelehena) arte irekita egongo da, biak barne, goizez (11.00etatik 14.30etara) eta arratsaldez (17.00etatik 21.00etara).
Karpa trasluzido erraldoia
Bizkaiko Foru Aldundiaren babespean, Udaberriko azokak bosgarren edizioa egingo du aurten, aurreko urteetan salmentetan nahiz bisitari-kopuruetan lortutako arrakastaren ondoren. Esparrua bera ere ezohikoa da Euskadin tankera honetako azoka baterako, Arbasoko arduradunen esanetan, kupula trasluzidoa duen tunel itxurako karpa handi batean egingo baita, “erakusketariei nahiz bisitariei babes eta ongizate sentsazio handia eskainiz”, Vidalek adierazi duenez. Erakusketarekin batera, egunotan zuzeneko erakustaldiak ere antolatuko dira. Honela, Areatzara inguratzen direnek sei artisauren jarduna bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute beste horrenbeste egunetan. Saio horietan, forja artistikoa, zeta pintatua, putz egindako beira, zeramika eta gaztainondo-saskigintzaren erakustaldiak eskainiko dira artisau trebatuen eskutik, hauetako batzuk hirugarren artisau-belaunaldikoak direlarik. Horrez gain, zenbait egunetan haurrentzako tailerrak antolatuko dira, txikienek ere artisautzaren sentsazioaz esperimentatzeko aukera izan dezaten.
Eskutartie azokarik garrantzitsuenetakoa da Bizkaiko artisautza sektorearentzat, profesional gehienek ez baitute jendaurreko saltokirik tailerretatik kanpo. “Eskuartie azoka aukera handi-handia da gure artisauentzat, hurbiltasunagatik eta kalitateagatik”, ziurtatu du Vidalek.