BILBO - "Ondo pasatu eta gutxi gastatu". Horiek izan ziren Jon Uriarte kazetariak, aurtengo Farolin pertsonaiak, Bilboko Plaza Berrian kokatutako aratusteen karpan esandako hitzak. Festarako gogo biziekin iritsi ziren atzo arratsaldean bera eta Karmele Larrinaga aktorea, hots, aurtengo Zarambolas.

Aratusteei Rock&Roll musikak eman zien hasiera eta momentu gorena dantza eta giro paregabean iritsi zen; izan ere, txiki eta nagusientzat prestatutako ekitaldiaz gozatu ahal izan zuten 19:30etatik aurrera bertaratutakoek. Umorea izan zen protagonista nagusi. Farolin eta Zarambolas Bilboko ikur bereizgarriak, pertsonaia horien 30. urteurrenean, inauterien xarma indarberritzen ahalegindu ziren. Baita lortu ere. Gogotsu eta txalo zaparrada artean egin zieten harrera: Jon Uriarte eta Karmele Larrinagak hiritarren epaiketari aurre egin eta Farolin eta Zarambolasen kargua hartu zuten. Bilbotarren ohore, hiriko aratusteen ezaugarri dira eta ildo horretan egin zituzten berbaldiak. Farolinek bilbotar hizkeran; Zarambolasek, ostera, kantuan, baina biek Bilbo eta Bizkaia ahotan.

Hasi dira Bilboko Inauteriak. Martxoaren 4a arte, hiriko kaleak kolorez eta era guztietako mozorroekin jantziko dira, bilbotarrek jai-aste bereziaz goza dezaten.