Síguenos en redes sociales:

Bizitza osoa taloak prestatzen

Zamudioko Baserritarra postuak 30 urte daramatza San Tomas egunean taloak egiten

Bizitza osoa taloak prestatzenDavid de Haro

DUDARIK gabe San Tomas eguneko protagonistak dira taloak. Tartean txistorra, gazta, hirugiharra, solomoa edo odolki apur bat sartuta, artirinez egindako opila era guztietara dasta daiteke. Garai batean taloak euskaldunontzat oinarrizko jakiak baziren ere, gaur egun taloak jai eta azoka giroarekin lotzen dira. Izan ere, pentsaezinak dira talorik gabeko santomasak. Atzo, urtero lez, Bilboko Areatza eta Plaza Barriak taloak eskaintzen zituzten hamaika postu baino gehiago batuz.

Horren adibide izan zen Zamudioko Baserritarra postua, 30 urte baino gehiago daramatzana San Tomas eguna galdu gabe eta jendeari taloak eskaintzen. Hamar pertsona baino gehiago aritu ziren atzo egun osoan zehar opilak prestatzen. "Ezin dugu zenbatu zenbat talo egiten ditugun guztira, baina asko dira, dudarik gabe", azaldu du talogilea den Rosa Lekerikak. Artoa da taloaren osagai nagusia, eta horrekin batera ura, irina eta ga-tza behar dira opilari forma emateko. "Oso erraza da taloak egitea, norberak bere etxean egin dezake arazorik gabe", argitu du Rosak. Izan ere, talo gozoak prestatzeko ez dago aparteko sekreturik. "Ga-rrantzitsuena kalitatezko artirina izatea da, ur bero-beroarekin nahastu eta ongi igurtzi, orea lortu arte", azaldu du. Jada orea lortuta, oratu egiten da eskuekin, eta ongi igurtzea garrantzitsua da taloa ez apurtzeko. Ondoren, plantxan erretzen da eta "nahi duzun osagaia gehitzen diozu". Gainera, taloa, elikagai gisara, balio handikoa da, energia handia baitu.

"Niri beti tokatzen zait orea prestatzea, hemen bakoitzak bere zeregina du eta horrela guztion artean koordinatzen gara", azaldu du Rosak. Bizitza osoa darama jaki gozo hau prestatzen:"Txikitatik ikasi nintzen taloak egiten, gure baserrian betidanik egin dira", azaldu du. Orain, gainera, bere ilobei erakusten die, tradizioa ez galtzeko: "Tradizioko produktua da taloa, betikoa, eta gure sustraietara oso erroturikoa". Bost eta sei euroren artean saltzen zituzten atzo taloak San Tomasen. Askok garestiegiak direla esaten dute, baina Leterikak argitu duen moduan, "kalitatezko artirina oso garestia da, eta horregatik dute taloek horrelako prezioa". Gainera, garai batean Euskal Herriko baserrietan artoa ereiten zen, baina gaur egun "ez da hori hainbestetan gertatzen, generoa lortzea askoz zailagoa da eta horrek produktua garestitzen du".

jende gutxiago "Aurten jende gutxiago ikusten da, grebak eta euriak eragina izan du horretan, baina atsedenik gabe lan egiten dugu hemen", azaldu du Rosak. 9:00etan iritsi zen Rosa Areatzara, 22:00ak arte egon zen bere postuan, taloen orea prestatzen. "Athleticen partidua dela eta goizago itxiko dugu gaur (atzogatik); beste urte ba-tzuetan gaueko 23:00ak arte egon gara". Hala ere, txakolina edo sagardoa esku batean eta bestean taloa, jende andana bildu zen atzo Baserritarra postuaren inguruan.