saskibaloiak betidanik izan du indarra Zornotzan. Futbola eta esku-pilota ere kirol sendoak dira eta hor egon dira beti, baina saskibaloiak bere lekua mantendu du, batez ere senior taldearen arrakastari esker. Pasa den urtera arte Zilarrezko LEB mailan aritu da, estatu mailako kategoria altuenetako bat. Gaur egun, taldea koska bat jaitsi da EBA ligara, baina zaletasuna ez, horrek tinko jarraitzen du. Edonola ere, zein puntutaraino eragin du senior taldeak harrobiaren prestakun-tzan?

Zornotzak ez zeukan harrobirik, berez. Neska-mutilak haurren kategorian hasten dira, ikastetxeetan aritu ondoren, beraz, klubak berak ez zuen hasierako prestakuntza horretan parte hartzen. Duela hiru urte ekimen bat jarri zuten martxan eskola taldeak sortzeko, oinarri sendo bat edukitze aldera, eta horrela sortu zen saski eskola. Naiak, proiektuaren sustatzaileetako bat, nola hasi ziren azaldu digu. “Saski eskolaren sorrerarekin planteatutako helburuetako bat zera izan zen: mini aurreko eta mini kategorietan taldeak sortzea; izan ere, haur kategorietatik gentozen, baina oinarri bat behar genuen. Bestalde, saski eskola muntatzeko beste arrazoi bat mutilen taldeak sortzeko nahia ere izan zen. Haurren artean oso mutiko gutxi etortzen ziren, eta pentsa-tzen genuen joera hori desagertzeko arriskua zegoela. Hala ere, mantendu egin ditugu eta oso pozik gaude.

Neskekin ez da hala gertatzen. Talde gehienak betetzen dituzte. Zornotzan nesken saskibaloiak oso momentu ona bizi du. “Beti egon da neska ugari klubean, eta zentzu horretan udalerriko ikastetxeei eskerrak eman behar dizkiegu, nesken saskibaloia hain ondo lan-tzeagatik. Andra Mari ikastola, Karmengo Ama edo Karmelo ikastetxeen bidez neska asko etorri dira gurera, eta orain neska talde gehiago ditugu klubean” esan du Naiak.

Haur guztiak daude gonbidatuta saski eskolan sartzera. Helburu nagusia parte hartzea da, berdin dio aurretiko prestakuntza izan edo ez. “Saski eskola mistoa da. Gaur egun lau eta zazpi urte bitarteko 30 neska-mutil daude. Ideia nagusia zera da: kirola egitea eta psikomotrizitatea garatzea, baloia eskuetan. Arauak eta teknika ezagutzen hasten dira. Gainera, ez dago lehia asmo handirik, zentzu horretan ez gara anbizio handikoak. Badakigu saskibaloia konplikatua dela; horregatik, entrena-tzeko, saski txikiago eta baxuagoak jartzen dizkiegu. Horrela doaz ikasten. Gero, ikastetxeko patiora edo parke batera jolastera doazenean, apur bat frustratzen dira, ez direlako heltzen, baina guk esaten diegu apurka-apurka joan behar dugula”, esan digu arduradunak.

Zornotzako arduradunek esan dezaketena da eskola mailako saskibaloia asko hazi dela azken urteetan, esaten genuen moduan, senior taldearen arrakastei esker. Horrek taldeen ugaritzea eta instalazio handiagoen beharra ekarri du. “Zornotza Zilarrezko LEB mailan egon zenean, haur asko eta asko etortzen ziren partidak ikustera. Harmailak beti betetzen ziren. Orain 22 talde ditugu eta muga-mugan gaude instalazioei dagokienez. Hala ere, asko daukagu esker-tzeko, bai Udalari, baita ikastetxeei ere, beren instalazioak uzten dizkigutelako” azaldu du Naiak.

Zilarrezko LEB kategorian joka-tzeak junior mailatik seniorrerako jauzia asko zaildu du, maila oso altua baita. Naiak azaldu digu zer nolako zailtasunak dakartzan kategoria batetik besterako jauziak. “Gure helburua da seniorra harrobiko jokalariez elikatzea. Kadete eta junior kategorietan Bizkaiko altuenetan gaude, herriko neska-mutilekin. Zilarrezko LEB mailan egoteak dakarren arazoa da jauzia oso handia dela, asko nabaritzen da. Orain taldea EBA ligan dago, koska bat beherago, eta junior jokalariak igotzeko lanean ari gara. Kasu horretan ez da hain aldaketa handia”.

Junior edo kadete jokalari horietako batzuk aritu dira Bizkaiko selekzioarekin, eta estilo ona an-tzematen zaie. Hori da Kerman Salazar edota Paule Portillaren kasua, esaterako. Kermanek Bizkaiko selekzioarekin jokatu du eta Euskadiko txapeldun izan da kadete kategorian. Gainera, Bilbao Basket taldearekin minikopa bat jokatu dute. Paule, bestalde, Bizkaiko junior selekziorako hautatu dute.

Azkenik, Zornotzako taldeak nabarmendu nahi du hainbat topaketa egiten direla txikienentzat, horiek ez baitute lehiatzen. “Lau edo bost izaten dira, eta guk horietako bat antolatzen dugu. Beste klub batzuekin elkartzen gara, hala nola Ibaizabal, Oribeltza edo Tabirako, eta aurten Gabonetako Haur Parkeko txapelketara bertaratuko gara. Haurrek itzel pasatzen dute”, esan du Naiak. Zornotza Basket Taldearen etorkizuna saski eskolan dago.