AURREKO denboraldia amaitu zan moduan hasiko jaku ikasturte barria. Partiduak ateak itxita jokatuko dira eta zale barik jokatu behar horrek baldintzatu egingo dau lehiaketea. Are gehiago Athletic bezalako talde batentzat. San Mamesko zaleriaren babes eta bultzadeari esker lortu ditue puntu asko zuri-gorriek Katedralean. Edozelan be, denboraldi erakargarria dugu aurretik. Hirugarren urtea beteko dau Garitanok San Mamesko aulkian eta ia hirugarrenean Europarako sailkapena eskuratzen dauen.

Zalantza bat baino gehiagogaz ekingo deutso talde zuri-gorriak lehiaketeari. Izan be, denboraldi aurrea be berezia izan da, taldean pisu handia daukien jokalari batzuk etxean konfinatuta egon behar izan diralako mamarroaren kontrolean positibo emon ostean. Ondorioz, prestaketea ez da ohikoa izan. Eibarren aurkako partiduan Garitanok garbi itxi eban ez daukala aldaketa handirik egiteko asmorik hamaikakoan. Aurten be Athleticek ez dau fitxaketarik egin -oraingoz behintzat- plantilea indartzeko eta entrenatzaileak Bilbao Athleticetik igotako gazteen freskotasuna besterik ez dauka taldeak dituen gabeziak konpontzen laguntzeko. Aldaketa bi egon daitekez hamaikakoan: Aurreko denboraldiko zatirik handienean lesionaturik egon zan Óscar de Marcos sartu daiteke eskoiko hegalean Caparen ordez. Beste alde batetik, Jon Morcillo gazteak ondo baliatu dauz entrenatzaileak emondako aukerak denboraldi aurreko partiduetan eta leku bat euki leike hasierako hamaikakoan ezker aldetik.

Munianek esan dau fitxaketarik ez dagoanez, jokalariek aurrepausu emon behar dabela denboraldi honetan. Erronka ederra bota dau Athleticeko kapitainak. Jokalari bakotxak hausnarketa sakona egin beharko leuke eta bere buruarekiko exijentzia maila igo. Aurrepausua emon behar dabenen artean Asier Villalibre dago. Aurreko denboraldian erakutsitako zertzeladak konfirmatu egin behar ditu. Izan be, Athleticek daukan arazorik handiena golak sartzeko orduan dator eta Gernikako aurrelariak asko lagundu leike arlo horretan. Iñaki Williams, taldeko jokalari frankizia ren ekarpena aurreko urtekoa baino nabarmen handiagoa izan behar da, golak sartzeko orduan batez be.

Zarraga eta Morcillo izan dira zuri-gorrien denboraldi aurreko protagonista nagusienetakoak. Morcik ezker indartsua dauka eta lotsabakoa da aurkariaren atera begiratzeko orduan. Horrelako jokalari bat behar dau Athleticek ezker hegalean. Zarragak eta Vencedorrek bikotea osotu dabe zelai erdian eta ederto gidatu dabe taldearen jokoa.