Elixabete Etxanobek, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, BECen ospatu den Bizkaia Enpresa 2025 topaketan, ziurgabetasun globalaren aurrean "batasunarekin" jarduteko beharra azpimarratu du. Azaldu duenez, neurri berriek "Bizkaiko enpresa-ehunetik jaso ditugun beharrei erantzuten diete", eta "inbertsioa, I+G, enpleguaren sorkuntza, familia eta lana bateragarri egitea, gizarte-aurreikuspena eta jasangarritasuna babesten dituzte". "Enpresarik gabe ez dago enplegurik, ez dago aberastasunik eta ez dago ongizaterik", aldarrikatu du.
Halaber, "adi egoteko eta aukerak aurkitzeko unea da. Topaketa honen ardatzak jasangarritasuna eta trantsizio berdea dira. Trantsizio hori enpresa guztiek egin behar dute, eta indartuago ateratzeko aukera ematen du" baieztatu du. Bizkaia Enpresa ekitaldiaren hamalaugarren edizioak, lurraldeko enpresa-topaketa garrantzitsuenak, 450 pertsona bildu ditu, hainbat industria-sektoretako enpresa txiki eta ertainen eta startupen ordezkariak. Ekitaldia Beazek, Bizkaiko jarduera ekonomikoa babesteko foru-elkarteak, antolatu du interesak partekatzeko, aukera berriak sortzeko eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta lurraldeko ehun enpresarial-ekintzailearen arteko lotura sendotzeko. Hitzordu garrantzitsu honetan Aclima Basque Environment Clusterrak eta Beazek egin duten "Trantsizio berdea, Bizkaiko enpresentzako lehiakortasun-eredu berriak" txostenaren ondorioak aurkeztu dira.
Jardunaldian On Bizkaia Sariak banatu dira. Sari hauek Beazek laguntzen dituen enpresak aintzatesten dituzte eta honako kategoria hauetan eman dira: Enpresa berritzaileen sorkuntza (CAF Signallyng), Berrikuntza eta hazkundea (Gepro Systems), Nazioartekotzea (TH Company), Trantsizio digitala (Industrias Garita), Trantsizio berdea (Asfaltados Olarra) eta Startup ibilbide onena (Nemergent Solutions).