Bilbok bat egingo du apirilean '30 egun bizikletaz', bizikleta egunero erabiltzeko erronka globalarekin. Herritarrek sustatutako mugimendu hori 2013an sortu zen bizikletaren eguneroko erabilera sustatzeko. 12 urte geroago, hirien zerbitzura dagoen baliabide handia da, kaleak txirrindulariz betetzen dituena.
Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziaren arabera, “Bilboko bizikleta plan berriaren barruan antolatuko diren gainerako jardueren programan bezala, #BiziBilbaoBizikletaz ekimenak parte hartzaileen mugikortasun ohiturak aldatzea du helburu, eta horretarako apirilean bizikletaren eguneroko erabilera sustatuko da, osasunerako eta bizi kalitaterako onurekin batera”. Hala, “Izateko beste erritmo bat” aurtengo leloarekin, kanpainaren helburua da herritarrak ohar daitezen bizikleta izan daitekeela modu askeago, kontzienteago eta zoriontsuago batean mugitzeko modua.
Proposamena xumea da:
- Webgune ofizialean erregistratzea eta apirilean bizikleta egunero erabiltzeko konpromisoa hartzea.
- Noranahi joanda ere, bizikletan joatea: lanera, errekaduak egitera edo, besterik gabe, plazerragatik.
- Esperientzia sare sozialetan partekatzea, #30díasenbici eta #BiziBilbaoBizikletaz traolen bidez, eta horrela uriko txirrindularien komunitate globalarekin bat eginez.
Bilbok bere atala izango du 30 egun bizikletaz webgunean, #BiziBilbaoBizikletaz programarekin lotutako edukiak eta jarduerak bilduko baitira hor.
Martxoan 16 urtetik gorakoentzako prestakuntza-tailerrak egiten hasi ziren arrakastaz BiziTokin, hau da, Bilboko Udalak bizikleta sustatzeko beren-beregi duen espazio berrian. Eta orain, atxikimendu horrekin, "Bilbok mugikortasun jasangarriaren eta bizikletaren erabileraren aldeko apustua berresten du, hiri bizigarriago, osasungarriago eta konektatuago baterako funtsezko elementu gisa" azaldu du Nora Abetek.