Berrogei urte bete ditu Askabide erakundea prostituzioan aritzen diren pertsonak eta babesgabetasun-egoeran dauden emakumeak gizarteratzen. Bada, astearte honetan goizean, uztailaren 8an, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok San Frantzisko auzoko Babes kaleko 3. zenbakuan kokatutako erakundearen lokal berrituak bisitatu ditu. Alkatearekin batera Juan Ibarretxe Gizarte Ekintzako zinegotzia eta Itziar Urtasun Berdintasuneko zinegotzia izan dira.

Alkatearen hitzetan, "Bilbo Balioen Hiria dela esaten dugunean eta inklusioaren aldeko apustua egiten dugunean, ezin dugu ahaztu prostituzioan lan egiten duten pertsonen kolektibo hain espezifiko eta zaurgarri hori. Beren kezkak zeintzuk diren bertatik bertara jakin nahi izan dugu, eta Askabidek gaur egun nola lan egiten duen ikusi. Erakunde hori txalogarria da, berrogei urteko ibilbidea egin baitu pertsona horien eta kolektibo horren lege-egoera konplexuari eta problematikari heltzen eta defendatzen, garai zailetan. Era berean, gogorarazi nahi izan diegu gertu gaituztela pertsonei laguntzeko eta guztion artean garai hauekin bat datorren etorkizun kolektibo eta pertsonal bati itxura emateko".

Alkateak Juan Ibarretxe Gizarte Ekintzako zinegotziarekin eta Itziar Urtasun, besteak beste Berdintasun Saileko ardura daukan zinegotziarekin batera egin du bisita, proiektua sektore horretan lan egiten duten edo babesgabetasun-egoeran bizi diren emakumeei zuzenduta dagoelako.

Askabidek zenbait proiektu egiten ditu kolektibo horri arreta emateko, pertsona horiekiko zuzeneko tratuaren esperientziatik abiatuta, pertsona guztiei eta haien premiei erantzun integrala ematen saiatzeko. Horrela, bada, 2024an, Askabidek 543 pertsona artatu zituen (% 99 andrazkoak) klubetan, pisuetan eta kalean zuzeneko arreta emateko proiektuan; 318 pertsona harrera egiteko zentroan (% 94 emakumeak); 44 pertsona egoitza-baliabideetan (guztiak emakumeak eta haien kargura dauden adingabeak); eta 22 pertsona sexu-esplotaziorako salerosketaren biktimei arreta integrala emateko programan (% 100 andreak eta haien kargura dauden adingabeak).

Harrera zentro hobetua

Harrera Zentroa erakundearen proiektu nagusietako bat da duela hiru hamarkada baino gehiagotik, eta arreta, informazio eta aholkularitza espezializatuko funtsezko zerbitzua da.

Helburu nagusia andrazkoei laguntzea da, hainbat arlotan informazioa, orientazioa eta laguntza emanez. Horrela, Askabidek bere premiei eta eskaerei erantzun nahi die, gizartean benetan eta bete-betean integra daitezen erraztuz.

Espazio berri eta berritu horrek nabarmen hobetzen ditu arreta emateko aukerak, eta banakako arretarako bulegoak eta erabilera anitzeko gela zabala dauzka, egoki-egokia tailerrak eta talde-jarduerak egiteko. Espazio berri horri esker, Askabidek nabarmen handitu ahal izango ditu esku-hartzeen kopurua eta kalitatea, bai eta eskainitako jarduera eta lantegiena ere, eremu horretan duen eragina handitzeko.

Harrera Zentro berriaren obrak eta egokitzapena posible izan dira Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzako Sailaren finantzaketari esker.