Deustuko Agirre Lehendakariaren etorbidea berritzeko lanak amaitu dira urte eta erdi ostean. Proiektu hau aurreko fase batean bukatutako Done Petri plazako obraren jarraipen estetiko eta funtzional gisa egin dira. Lan horiek 5.357.581,13 euroko aurrekontua izan dute (BEZa barne), eta udalak espazioa berrantolatu nahi izan du, kalea batez ere oinezkoentzat izan dadin, egoteko guneak gehiago izan daitezen eta landaredia eta zuhaiztiak protagonismo handiagoa izan dezaten.

Guztira, 25.805 metro koadrotan jardun da, Don Bosco biribilgunetik Done Petri plazaraino.

Proiektu honen ildo nagusiak hauek izan dira: kalearen egungo sekzioa berriro planteatzea, eta bide-zoruak eta zoladura berritzea. Hala, bidearen erdiko mehelina kendu da, errailen kopurua murriztu da eta espaloien zabalera handitu da. Gainera, zenbaki bakoitien aldean, noranzko biko bidegorria sartu da eta ibilbide osoan zehar egoteko guneak dituen paseorako gunea sortu da, berdegune eta landaredi gehiagorekin bidearen eta pasealekuaren artean.

Era berean, argiteria-, saneamendu- eta hornidura-sareak berritu dirau, Done Petri plazan egindakoaren ildotik. Halaber, udal-zuntza, kableatua eta semaforoen kanalizazioa modernizatu dira eta ureztaketarako telekudeaketa erabiliko da.

Espaloietan, Bilbao motako baldosazko zoladurak erabili dira eta zintarria granitoz egin da; egoteko guneetarako, berriz, izaera nobleagoko akabera bat planteatu da, lorategi baten antza duena eta egoteko giro atseginagoa sortuko duena. Horregatik, granitozko galtzada-harriz egindako zoladura jarri da.

Zebra-bideetarako, sestra-aldaketetarako (adibidez, eskailerak) edo espaloiko ibilgailu-pasabideetarako (adibidez, pasabideetarako sarbideak), erliebea duten baldosak jarri dira.