Aldundiak, Lurralde Historikoko 113 udalerriekin lankidetzan, hiri- eta/edo landa-izaerako elementuak dituzten ondasun higiezinen balio-txosten berriak onartzeko lan-fasea amaitu du. Balio-txosten hauen helburua higiezinen merkatuak azken zortzi urteetan izandako aldaketak jasotzen dituzten katastro-balio berriak lortzea da. Zortzi urteko aldi horretan Bizkaiko Foru Aldundiko Katastro eta Balorazio Zerbitzuak hainbat azterlan egin ditu, eta, horietan, gure ekonomian, demografian, biztanleria-mugimenduetan, hirigintza-jarduketetan edo nekazaritza- eta baso-ustiategietako hobekuntzetan izandako aldaketak egiaztatu dira. Aldizkari Ofizialean argitaratu diren onartutako balio-txosten berrietan udalerri bakoitzaren katastro-balioak finkatzeko irizpideak, balio-eremuak, balorazio-arau teknikoak, lurzoruaren mugaketa eta beharrezko elementuak jasotzen dira.

Prozesu hau iazko azaroaren 8an hasi zen katastroko balioak berrikusteko proiektuaren aurkezpenarekin, eta 2025eko urtarrilaren 1ean amaituko da, indarrean sartzearekin batera.

Behin balio-txosten berrien onarpena argitaratu ondoren bihar hasiko da Ogasun eta Finantza Sailaren bulegoetan, www.bizkaia.eus/katastroa webgunean eta Bizkaiko udaletan jendaurrean jartzeko aldia. Epe hori ekainaren 14ra arte luzatuko da.

Katastro-balioen berrikuspenaren ondorio nagusiak

Bizkaiko Foru Aldundiak onartutako balio-txosten berrietan lortutako balioen azterketatik ondorio nagusi bi atera daitezke:

1.- Lehenengo ondorioa eta garrantzitsuena da 8 urteren ondoren Bizkaiko higiezinen parkea berriz ere eguneratuta geratu dela. 1.275.000 higiezin baino gehiago, hirikoak zein landa-eremukoak, eguneratuta geratzen dira, eta, beraz, lurraldeko higiezinen merkatuaren egungo egoerara egokituta, elementu horien ezaugarriak, balio-eremuak, lurzoruen eta balorazio horiek egiteko behar diren elementu guztien mugaketak kontuan hartuta. Katastroko teknikariek lan eskerga egin dute Bizkaiko udalekin eta Eudel, Euskadiko Udalen Elkartearekin, lankidetzan.

2.- Bigarren ondorioa da balioak higiezinen merkatuaren errealitatera eguneratzearen ondorioz lurralde historikoko katastro-balio berriaren batura osoaren aldakuntza ez dela esanguratsua izan, hain zuzen ere % 1,32ko batez besteko jaitsierarekin. Zehatzago esanda, 77.684,8 milioi eurotik 76.662,7 milioira igaro da, hau da, ondasun higiezinen egungo katastro

balioarekin alderatuta 1.022,1 milioi euro gutxiago. Jaitsiera hau % 1,31koa izan da batez beste hiri-izaerako elementuetan, eta % 1,80koa landa-izaerako elementuetan.