Europako Kontseiluko kultura arteko integraziorako adituen batzordearen bileran parte hartuko du beste behin Bilbok
Lan-topaketa hori Lublin hirian (Polonia) egin zen maiatzaren 14an eta 15ean
Europako Kontseiluko kultura arteko integraziorako adituen batzordearen bileran parte hartuko du beste behin Bilbok. Bilboko Udalak esperientzia handia du hirien arteko sare-lan horretan, Europako Kontseiluaren Kultur arteko Hirien programaren esparruan. Ekimen horretan parte hartzen du 2011tik, eta tresna praktiko ugari eman ditu Bilbo kulturarteko hiri gisa eraikitzen aurrera egiteko. Horien artean, nabarmentzekoa da Kulturarteko Hirien Indizea.
Lan-topaketa hori Lublin hirian (Polonia) egin zen maiatzaren 14an eta 15ean. Bertan, maila anitzeko gobernantza-indize bat garatu zen kulturarteko integrazioaren arloan, bai eta inklusioaren arloko tresna berriak ere. Bisitan, Bilboko Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazioko Saileko ordezkariek, gainera, Lublineko hiriak migratzaileak eta errefuxiatuak hartzeko garatzen dituen esperientziak ezagutu dituzte.
Bilbo Europako Kontseiluko Kultura arteko Integrazioko Adituen Batzordeko (ADI-INT) kidea da. Batzorde horrek kulturarteko integrazioa eta maila anitzeko gobernantza sustatzen ditu politika horien garapenean. Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak Diskriminazioaren aurkako, Dibertsitaterako eta Inklusiorako Zuzendaritza Batzordearekin (CDADI) sortutako gobernu arteko batzorde bat da.
Organo horretan estatuetako (Belgika, Kroazia, Finlandia, Italia, Luxenburgo, Iparraldeko Mazedonia, Portugal, Espainia, Ukraina eta Erresuma Batua) zortzi ordezkarik, Kulturarteko Hirien Sareko kide diren tokiko agintarien (Bilbo, Bradford, Bursa-Osmangazi, Fuenlabrada, Lublin, Reggio Emilia, Reykjakiv eta Riga) zortzi ordezkarik eta bi eskualdek (Katalunia eta Neuchatel) parte hartzen dute. Gainera, bileretan estatu behatzaileek, Europar Batasuneko ordezkariek, Europako Kontseiluko ordezkariek eta gaian adituak diren beste batzuek ere parte hartzen dute.
Helburu nagusia da Europako Kontseiluari laguntzea Europako Kontseiluaren gobernuen arteko lana zuzentzen, berdintasuna sustatzeko eta gizarte inklusiboagoak eraikitzeko, kulturen arteko integrazioari eta aniztasuna kudeatzeko politika positiboei ikuspegi berezia emanda.
Era berean, Batzorde horretan parte hartzeak aukera ematen dio Bilbori Europako eremuan kulturarteko integrazioaren arloan onartzen diren gomendio eta orientabideetan eragiteko; politika horiek sortzen diren une beretik tokiko maila kontuan hartzearen garrantzia indartzeko; esperientziak, ezagutza eta jardunbide egokiak partekatzeko; eta beste hiri eta erakunde-maila batzuekin lankidetzan aritzeko eta koordinatzeko aukerak identifikatzeko.