Getxok 154.000 euro bideratuko ditu herriko kultur elkarteentzako ohiko dirulaguntzetara. Deialdi horren helburua udalerriko kultur lan asoziatiboa sustatzea da, talde horien kultur jarduerak eragindako gastuak finantzatuz.

2024an garatuko diren elkarteen ohiko funtzionamendu-programa osatzen duten jarduerak babestu eta bultzatzeko dira laguntzak, Udalak jakinarazi duenez.

Eskaerak aurkeztu nahi dituzten elkarteek larunbat honetatik, martxoaren 16tik, apirilaren 15era bitartean aurkeztu ahal izango dituzte. Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute egoitza Getxoko Erakundeen Udal Erregistroan eta Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistroan izena emanda duten irabazi-asmorik gabeko kultura-elkarteek.

Eskaerak bide telematikoz aurkeztu beharko dira, Getxoko Administrazio Elektronikoaren Bulegoaren bidez. Eskabideak jaso ondoren, Kultura Gelako teknikariek balioetsiko dituzte, irizpide hauen arabera: kultura-proiektuen kalitatea eta interesa udalerriari dagokionez, proiektu horien bideragarritasun ekonomikoa, euskararen erabilera, berdintasuna, kulturartekotasuna eta integrazio soziokulturala, besteak beste.

Deialdiaren ebazpena eskabideak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabetera jakinaraziko da. Hautatutako elkarteek aurkeztutako proiektuak gauzatzeko betebeharra izango dute. Proiektu horiek jarduerak justifikatzeko memoria batekin eta jarduera horren diru-sarreren eta gastuen balantze batekin zehaztu beharko dira.

36.000 euroko edo gehiagoko dirulaguntzen kasuan, sortutako gastu guztien jatorrizko egiaztagiriak aurkeztu beharko dira. Zenbateko horretatik beherako dirulaguntzen kasuan, jardueraren gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatu bat ere aurkeztu beharko da.

Nolanahi ere, gastuen justifikazioa aurkeztu beharko da, emandako laguntzaren % 10ekoa gutxienez. Agiri horiek aurkezteko epea 2025eko urtarrilaren 31n amaituko da.