Bilboko Udaleko Hezkuntza Sailak ikasle bikainen “Casilda Iturrizar - Epaltzaren Alarguna Beken” deialdi berria abiatu du. “Casilda Iturrizar - Epaltzaren Alarguna Beken” lehenengo deialditik, 1963an, Bilboko 500 gazte inguruk jaso dituzte laguntza hauek. Dagoeneko 53 beka daude indarrean, batik bat STEAM eremuetan, hau da, zientzian, teknologian, ingeniaritzan, arteetan eta matematiketan, besteak beste.

2022/2023 ikasturtean kalifikazio akademiko onenak dituzten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailako 10 ikasleei emango zaizkie laguntza horiek. Aurten, laguntzak areagotu egin dira batxilergora eta heziketa-zikloetara sartzen diren ikasleentzat (lehen 415 euro ziren ikasturte bakoitzeko, eta orain 450 euro izango dira) eta unibertsitate-graduetan daudenentzat (lehen 905 euro ziren ikasturte bakoitzeko, eta orain 1.100 euro izango dira). Ikasle bikainei ematen zaizkien 55.000 euroko laguntza ekonomikoak dira, batxilergoa, heziketa-zikloak eta unibertsitateko graduak egin ditzaten.

Eider Bilbao Hezkuntzako zinegotziak laguntza hauen garrantzia azpimarratu du, “kalitatean, gizarte-kohesioan eta balioetan oinarritutako hezkuntzarekin konprometitutako” hiria baikara. Gaineratu du “Bilbo hiri hezitzaile bat dela, ikasten duelako eta hezkuntza eskolaren hormetatik harago hiri osora eramaten duelako”.

Beka hauek eskuratzeko, ikasleak Bilbon erroldatuta egon behar dira, DBHko 4. mailan egon behar dira, eta aurreko ikasturtean batez beste 8,5 puntu edo gehiago eduki behar dituzte. Hautaketa egiteko, 5 ariketa egiten zaizkie beste hainbeste arlotan (erdal hizkuntza eta literatura, euskara, atzerriko hizkuntza, matematikak, eta geografia eta historia). Azterketa horietan, ikasleek dakitena erakutsiko dute, baita euren jakintza nola erabiltzen duten ere.