Síguenos en redes sociales:

Elkarlanean 2024 laguntza-programak enpresen arteko elkarlaneko berrikuntza bultzatzen du

Gehienez 60.000 euroko zuzeneko laguntzak eskaintzen ditu hainbat enpresaren artean berrikuntza-proiektuak garatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak 2024rako enpresen arteko elkarlaneko berrikuntzarako Elkarlanean laguntza-programa arautzen duen Foru Dekretua onartu du. Programak 200.000 euroko zuzkidura du eta 5 eta 100 pertsona arteko plantillako  industriarekin lotutako industria- eta zerbitzu-enpresei zuzenduta dago.

Elkarlanean Programak gehienez 60.000 euroko zuzeneko laguntzak eskaintzen ditu hainbat enpresaren artean berrikuntza-proiektuak garatzeko eta Bizkaiko hainbat enpresen artean identifikatu diren osagai berritzaile handiko negozio-aukeren bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta legalari buruzko azterlanak egiteko.

Zuzeneko laguntza ekonomiko hauetarako eskabideak aurkezteko epea martxoaren 4an ireki eta 22an amaituko da.

Laguntza hau jasotzeko kontuan hartuko dira proiektuaren berrikuntza-maila, enpresa-lankidetzarako partzuergoa, proiektuak enpresa sustatzaileentzat duen garrantzia, proiektuaren kalitatea, konpromiso soziala eta jasangarritasuna, genero-berdintasuna eta proiektuan emakumeen eta gizonen parte-hartzea orekatua izatea.

2015ean egin zen laguntza honen lehen deialditik Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak lurraldeko enpresek bultzatutako lankidetzazko berrikuntzako 80 proiektu babestu ditu guztira.

Enpresentzako laguntzen plana 2024

Elkarlanean Programa Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak lurraldeko ekintzaile eta enpresen eskura jartzen duen 2024ko programa, zerbitzu eta funtsen planaren parte da. Foru erakundeak 28,5 milioi euro bideratuko ditu aurten laguntza ekonomiko zuzenetara, eta horietatik 23,6 milioi enpresa-berrikuntza bultzatzera bideratuko dira. Elkarlanean Programarekin batera Aldundiak abian du 3i-Berrikuntza, Nazioartekotze eta Inbertsio Plana; plan honi dagokionez eskabideak aurkezteko epea bihar, otsailak 21, amaitzen da. Halaber, martxan ditu 2i-Berrikuntza eta Inbertsioa, Kudeabide, Tarteko Eragileak, Oinarrizko Digitalizazioa, Digitalizazio Aurreratua eta Errepideko Garraioaren Modernizazioa Programak eta, aurten, berrikuntza gisa, deskarbonizazioa sustatzeko Trantsizio Berdea programa.