‘Ramoni’ izeneko ekipamendua Otxarkoagako gazteentzako partaidetzarako topagune berria da. Gazteentzako ekipamendu berriak Ramón y Cajal ikastetxe zaharraren zati bat hartzen du, eta instalazioak Otxarkoagako HHErekin partekatzen ditu. Zerbitzua emango die 10-35 urteko 10.194 gazteri; Bilboko gazte guztien % 27,4ri, alegia. Lanon bidez, beste bizitza bat eman zaio Ramón y Cajal ikastetxeari (Larrakoetxe 3), eta, horretarako, bi milioi euro baino gehiago inbertitu dira. Zehazki 1.088.790,10 euro bideratu dira barrualdeko lanetarako, eta 1.230.067,12 euro estalkirako eta patiorako.

‘Ramoni’ Bilbao Hiri Gaztea 2022/25 estrategiaren barruan dago, eta aukera ematen du Otxarkoagan eta inguruko auzoetan Udaleko Gazteentzako Agendaren helburuak eta programak lantzeko; besteak beste, gazteen emantzipaziorako laguntzak, heziketa aisialdi-guneetan, eta gazteek auzoaren garapen komunitarioan parte hartzea eta harekiko konpromisoa hartzea.

Udalaren gazteriaren arloko estrategia sortzeko entzute-prozesuari esker, gazteek honako zerbitzu hauek izango dituzte ‘Ramonin’, besteak beste:

  • Gazteentzako Informazio Bulegoa. Gazteei eta gazteen erakundeei zuzendutako programazio eta baliabide guztiei buruzko informazioa emango du.
  • GAZ Bilbao, Gazteen Emantzipazioari Laguntzeko Zerbitzua. Informazioa, orientazioa eta laguntza integral eta pertsonalizatua emango ditu emantzipazio-prozesuetan, eta baliabideak erabili ahal izatea erraztuko du. Halaber, zerbitzuak auzoko gazteen enplegagarritasunerako programak ere bultzatuko ditu, orientazioaren eta lanbide-heziketaren bidez, eta sareko lana sustatuko du, bitartekaritza soziolaboralaren bidez.
  • STEAM Gunea edo laborategi teknologikoa. Auzoko neska-mutilek gaitasun zientifiko, teknologiko eta digitalak lortu ahal izango dituzte, bertan antolatutako askotariko programen bidez, hala nola "Lego League" robotikako programa, "Bizilabe" zientzia-programa eta auto elektriko bat diseinatzeko "Green Power" programa.
  • Aisia hezitzailerako eta denbora librerako espazioa.
  • Taldeko kirolak praktikatzeko kirol-espazioak, gimnasioa eta eremu estalia.
  • Askotariko erabileretarako gelak, parte hartzea bultzatzeko. Haietan, auzoko gazteek sustatutako proiektuak eta ekimenak egongo dira.

Bilboko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Otxarkoagako erreferentziazko TENDEL elkarte soziokulturalarekin. Hitzarmen horren bidez, elkarte hori arduratuko da ‘Ramoni’ kudeatu eta dinamizatzeaz, Gazteria eta Kirol Saileko talde teknikoarekin koordinatuta. Bestalde, IKEAk, enpresaren beraren balioetan oinarrituta, 55.000 euroko laguntza eman du Ramoniko espazio batzuk hornitzeko. Enpresak, halaber, auzoko gazteei lanerako gaikuntza-ikastaroak emanda hartzen du parte proiektuan, eta, hain zuzen, gazte horietako batzuk IKEAko langile izatera igaro dira.

BARNE EGOKITZAPENA

Zentroaren barne egokitzapena egitean, irisgarri izateko berregokitu da espazioa, arkitekturako oztopoak kenduz, eta babes zibilari buruzko araudia bete behar izan da (balizko suteetan ebakuazioa, prebentzioa...).

Zehazki, irisgarritasunari eta suteen aurkako babesari dagokionez, Udalak igogailu bat jarri du (eraikinaren bi hegalei zerbitzua emateko), eskailera solteak kendu ditueta beste eskailera multzo bat jarri du eraikinaren mendebaldeko ertzean. Horrek bermatuko du ebakuazio-ibilbideak zuzenak direla eta indarreko araudia betetzen dutela.

Gazteentzako Informazio Bulegoa, Maker Gune, Konekta aretoak eta Gazteen Emantzipazioari Laguntzeko Bulegoa (GAZ) daude beheko eta lehenengo solairuetan, eta, bertan, ekialdeko hegaleko komunen nukleoa berritu da, eta beste komun bat jarri da mendebaldeko hegalean, larrialdietako eskailera jartzeko kendutako komunen ordez. Bigarren multzo horretan, gizonen komunak, emakumeenak eta komun irisgarriak daude.

Erdisotoan, Otxar Gim gimnasioa dagoen tokian, aldagelen eta komunen dotazioak berriztatu dira, eta hartara bideratutako espazioa handitu eta berrantolatu da, ez baitzegoen komun nahikorik.

Sarbide eta barne komunikazio berriak eraikitzeko, beharrezkoa izan da aurretik zenbait jarduketa egitea (batik bat, eraispenak), ate berriak jarri ahal izateko, zabalera egokiekin, leihateak ipintzeko, pasabideak egiteko, eta abar. Jarduketa horien artean hauek daude, besteak beste:

  • Zolatak eta eskailera-bantzuak eraistea, bilbadura berriak eta arrapala irisgarriak eraikitzeko.
  • Zolata eta forjatuak eraistea, igogailu berria ipintzeko.
  • Hondeatze puntualak egitea igogailuaren zulorako, eta eskaileren bantzu berriak zimendatzea.
  • Dauden trenkadak eraistea, espazioak berriro banatzeko.
  • Patioko eta eskaileretako zurajea desmuntatzea, eskailerak itsutzeko edo eskaileretan leiho berriak ipintzeko.
  • Kanpoaldean lurra mugitzea, oinezko ibilbide irisgarria gimnasioraino luzatzeko.
  • Barruko patioko isurialde biko estalkia eraistea (teilak, zeramikazko panelak eta trenkada zulatuak).

PATIOA, ESTALKIA ETA LOTUTAKO ZERBITZUAK

Barruko obraz gain, Udalak Ramón y Cajal ikastetxeko patioa estali du. Bertan, kirol-pista bat jarri da, ekipamendu publiko gisa erabiltzekoa.

Zehazki, futbol-zelaia (estalia, 600 metro ingurukoa), aldagelak eta kirol federatua egiteko behar diren dependentziak jartzeko behar diren lanak sartu dira proiektuan. Zerbitzu osagarrien gune hori erdisotoko solairuan soberan zegoen lurzatiaren espazio batean kokatu da.

Ikastetxeko patioaren forma irregularra da, eta azalera 1.210,50 metro karratukoa da guztira. Haren mugak lurzatiaren izaerak eta ikastetxearen eraikuntzak berak ezartzen dituzte.

Estalkia 7,60 metroko altueran ipini da (beheko solairuko leihoak baino gorago). “Kutxa transluzido” bat da, eta itxiturak ere transluzidoak dira, beheko solairuko geletan argia sartu dadin eta aireztapena egin dadin.

Hori portiko-egitura batekin egin da, eta portikoen gainean uhalen bilbadura bat ipini da. Bilbadura hori apur bat makurtuta dago; haren bidez, euri-uren bilketa antolatuko da, eta euriak erortzean ateratzen duen zarata murriztuko da.

Gainera, uhalen bilbadura horrek polikarbonatozko akabera du beheko aldean, jaurtitzen diren baloikadei eutsi ahal izateko eta goitik datorren argiari ia-ia oztoporik ez egiteko.

Portikoen artean eta pistaren perimetroan zehar, metalezko azpiegitura bat dago, eta, gainean, polikarbonatozko itxitura perimetral bat. Bilgarri horrek ez du pista osorik ixten. Aitzitik, pista irekita dago, kanpora begira, eta patioaren zolatarantz 2,6 metroko kotaraino jaisten da. Horrela, pistari giza eskala ematen zaio, eta euritik eta haizetik nolabaiteko babesa du.

Zerbitzuen gune berriak, bestalde, 149,35 metro karratuko azalera eraikia dauka. Kirol-biltegi bat, taldeentzako bi aldagela (hamabost lagunentzako lekuarekin), epaileentzako aldagela bat, erizaintza-gela bat, hiru komun eta garbiketako biltegi bat ditu.