Bilbok liburu baten aurkezpenarekin egingo du bat Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Aldarrikapenaren urteurrenarekin. Bilboko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Sahararen Aldeko Euskal Elkarteen Federazioarekin. Hitzarmen horren bidez, “Piztu Itxaropena” XX. Karabanari diruz laguntzeko konpromisoa hartu du. Karabana horrek elikagaiak, material higienikoak eta premia larriko materialak eramango ditu errefuxiatuen kanpamenduetara.
Otsailaren 26an, 19:00etan, Kristina Berasain kazetariaren “Sahara, herri bat erresistentzian” liburua aurkeztuko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi-aretoan. Ekitaldian, Mikel Urdangarinek ere hartuko du parte, Saharan inspiratutako abestiak kantatuko baititu.
Gainera, Bilboko Udalak 30.000 euroko laguntza emango dio Tindufeko (Aljeria) saharar errefuxiatuen kanpamentuetara joateko XX. karabanari. Karabana hori Donostiatik abiatuko da datozen egunetan, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren 48. Urteurrena oroitzeko ekitaldiekin batera.
SAHARARI BURUZ EUSKARAZ IDATZITAKO LEHEN LIBURUA
2024an, 48 urte beteko dira 1976ko otsailaren 27an Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Bir Lehlu hirian Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) aldarrikatu zela. Urteurren hori urtero ospatzen du saharar herriak deserritik. Ospakizun hori dela eta, Bilboko Udalak euskal elkartasuna adierazi nahi dio saharar herriari, Bidebarrietan literatura eta musika uztartuko dituen hitzordu batekin.
“Sahara, herri bat erresistentzian” Saharari buruz euskaraz idatzitako lehen liburua da, eta liburu horretan Kristina Berasain kazetariak, zeina Berria egunkariko nazioarteko atalaren arduraduna izan baitzen urte askoan, eta korrespontsal lanak egin baititu hainbat gatazka-lekutan, hala nola Gazan, Riffen, Egipton, Marokon, Ceutan edo Melillan, modu erraz eta sakonean kontatzen du, kazetaritza-kronika erabiliz horretarako, nolako borroka daraman aurrera “ahazturara kondenatutako herri honek”. Horretarako, pasarte historikoekin konbinatzen ditu Saharako kontakizunak eta testigantzak, eta horien bidez erakusten du nola “okupazioa hasi eta ia 50 urtera” saharar herriak “oraindik ere eusten dien bere nortasunari, duintasunari eta erresistentziari”, eta ez duen galdu “independentzia eskuratu eta bere jatorrizko herrialdera itzultzeko itxaropena”. Berasainek, berriki, 2024ko Prentsako Argia Saria jaso du lan honengatik.
Aurkezpenean, Mikel Urdangarin izango du lagun, eta hark kontzertu bat emango du Saharan inspiratutako kantuak abestuz. Urdangarin saharar errefuxiatuak bizi diren kanpamentuetan izan zen 2005eko maiatzean, orduan bidaia bat egin baitzuen bertara Kirmen Uriberekin batera, eta kontzertua eman baitzuen Tifariti herrian. Esperientzia horretan inspiratu zen Saharari kantari diskoko “Zugan” kanta idazteko; disko horretan, Euskadiko 16 abeslarik eta taldek parte hartu zuten.
Gainera, aurkezpenean Fatma Galia Mohamed Salem saharar kazetari, idazle eta poeta egongo da, emakumeen duintasunaren aldeko borrokalaria.
Fatma Galia familia nomada batetik dator, Uad Saguia-koa (Río Seco), Mendebaldeko Sahararen iparraldean. El Aaiunen jaio zen eta aitita-amamekin hazi zen. 1975ean, bost urte zituela, Aljeriako Tindoufeko kanpalekuetan babesa bilatu zuen bere familiarekin. Hamar urterekin, Kubara joan zen ikastera. Han lehen hezkuntzako eta batxilergoko ikasketak egin zituen, eta bi urtez Kazetaritzan jardun zuen. Gero, ikasketak Euskal Herriko Unibertsitatean osatu zituen (Leioan).
ERREFUXIATUEN ALDEKO KARABANA
Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) Aldarrikapenaren Urteurrena ospatzeko Bidebarrietako Liburutegian antolatutako ekitaldiaz gainera, Bilboko Udalak aurten ere laguntza emango dio “Piztu Itxaropena” Karabanari. Udalak azkenengo 14 urteetan lagundu dio ekimen horri dirulaguntzen bidez. Ekimena Tindufeko (Aljeria) Saharar Errefuxiatuen Kanpamentuetarako da, saharar errefuxiatuen bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzeko jarri da abian, eta arreta berezia jarriko da pertsona kalteberen osasunean.
Udalak lankidetza-esperientzia luzea izan du Sahararen Aldeko Euskal Elkarteen Federazioarekin, SEADen Lagunen Bizkaiko Elkartearen bitartez, eta lankidetza-esperientzia luze horren barruan Udalak ekimen horretan laguntzen du, sentsibilizazioa handitzeko eta kontzientzia kolektiboa sortzeko, elkartasunean eta justizia sozialean oinarrituta. Balio horiek guztiak Udalarentzat estrategikoak diren proiektuetan bultzatzen dira, hala nola Bilbao Balioen Hiria proiektuan eta NBEren 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuetan.