Bizkaiko Foru Aldundiak 4.742.000 euro bideratuko ditu baso-sektoreari zuzendutako laguntzetara, baso-masen kudeaketa jasangarria bermatzeko eta, horrela, klima-aldaketaren aurkako borrokan laguntzeko. Laguntza hauen asmoa basogintzako jardueran enplegua sortzea eta kontserbatzea sustatuz tokiko ekonomiei eta landa-komunitateei laguntza emanda lurralde-garapen orekatua lortzea dira.

Laguntzak bi ildo nagusitan egituratzen dira:

  • Lehenengoa jabeen elkarteei, mankomunitateei, administrazio-batzarrei eta udalei zuzenduta dago eta xedea baso-pistak eraikitzea, hobetzea eta mantentzea da, eta 595.000 euroko zuzkidura du.
  • Bigarren ildoaren onuradunak baso-lurren jabe diren pertsona fisikoak eta juridikoak dira eta 4.147.000 euroko zuzkidura du. Diruz lagun daitezkeen arloak, besteak beste, honako hauek dira: basogintza-lanak eta baso-azalerak sortzea; basoak kudeatzeko eta hobetzeko plan teknikoak garatzea; baso-kalteak prebenitzeko eta konpontzeko inbertsioak egitea; eta basogintzako, ingurumeneko eta klimako inbertsioak eta zerbitzuak egitea eta basoak kontserbatzea.

Jarduketa hauek guztiak garatzen lagunduz Bizkaiko Foru Aldundiak bost helburu zehatz lortu nahi ditu:

  • klima-aldaketara egokitzen eta hura arintzen laguntzea, berotegi-efektuko gasak murriztuz, karbono-bilketa hobetuz eta energia jasangarria sustatuz;
  • baso-suteen aurka borrokatzea, baso-kudeaketa jasangarria prebentzio-neurri gisa aplikatuta;
  • garapen jasangarria eta baliabide naturalen kudeaketa eraginkorra sustatzea, hala nola ura, lurzorua eta airea; bereziki, mendekotasun kimikoa murriztea;
  • biodibertsitatearen galera geldiarazten eta joaera hori alderantzikatzen laguntzea, zerbitzu ekosistemikoak indartzea eta habitatak eta paisaiak kontserbatzea;
  • eta enplegua, hazkundea, genero-berdintasuna, gizarteratzea eta landa-eremuen garapena sustatzea, bioekonomia zirkularra eta basogintza iraunkorra bultzatuz.

Laguntza hauen eskabideak apirilaren 19ra arte aurkeztu ahal izango dira.