Bilboko Udaleko Gobernu Batzordeak Leon de Uruñuela kalea eta haren ingurua hobetzeko aurrekontu-partida onartu du. Hobekuntza horien artean, espaloiak handitu eta berdegune berriak sortu nahi dira, eta horretarako zortzi hilabeteko epea izango du. 1.099.812 euro (BEZa barne) gorde dira orain lizitatuko den proiekturako.
Leon de Uruñuela kalea gaur egun kale estua da, errei bakarrekoa eta zirkulazioko noranzko bakarrekoa Gordonizekin lotzen duen biribilgunerantz (duela gutxi berritua). 2 metroko zabalerako espaloiak eta aparkalekuak ditu bi aldeetan. Proiektu horren bidez, Udalak zona horretako merkataritza-jarduera bultzatu nahi du eta horregatik, espazio garbia eta egongarria sortu nahi du, berdeagoa eta argiagoa, eta hiri-altzari berriekin.
HIRU TARTE
Proiektuaren eremuan hiru tarte bereizten dira:
- 1. Tartea: Leon de Uruñuela, Gordoniz kaletik Esperanto kaleraino (eta azken kale horren zati bat, Leon de Uruñuela kalearen eta Kareaga estrataren artean).Tarte hori oinezkoentzat izango da. Jardinera eta hiri-altzari berriak jarriko dira, egoteko lekua sortuz. Gainera, urbanizatu egingo da, baldosa drainatzaile berriak jarrita, eta argiztapen- eta zuntz-sareak, hornidura-sareak eta abar berrituko dira. Aurreko fase batean, kale horretako espaloiak beste tarte batean zabaldu ziren, Gordonizetik Camilo Villabasora.
- 2. Tartea: Anboto kalea, Gordoniz kaletik Esperanto kaleraino.Tarte horretan, aurrekoan bezala, zerbitzuak berrituko dira eta espaloiak urbanizatuko dira, baldosa drainatzaile berriekin. Gainera, bidean asfalto berria jarriko da.
- 3. Tartea: Esperanto, Serantes eta Sollube kaleak.Argiztapena eta farolak berrituko dira, eta, gainera, Esperanto kalean bidea berriro asfaltatuko da.
Eremu osoan, akabera berberak erabiliko dira bide-zoru eta zoladuretan, eta hiri-altzari berdinak erabiliko dira koherentzia estetikoa emateko.
Ildo horretan, Leon de Uruñuela kalean eta kale horretan eratuko den plazan jarriko dira hiri-altzari gehienak, Gordoniz eta Esperanto kaleen arteko zatia oinezkoentzat egin ondoren. Adibidez, landatzeko egokiak diren balio anitzeko jardinerak, hormigoizko eserlekuak, bizkarraldea duten aulkiak, paperontziak, zuhaitz-txorkoak jarriko dira, bai eta bi iturri-modelo ere: funtzionala bata eta tamaina handiko apaingarria bestea. Zehazki, lau metro zabal eta hiru altuera izango dituen iturri apaingarri bat jaso da proiektuan, uren tratamendua eta gaueko argiztapena izango dituena.
Lore eta landareei dagokienez, ingurunea berdatzeko espezieak aukeratu dira -hala nola magnolia, izpilikua eta beste zuhaixka-landare batzuk-, gaur egun ez baitago landarerik eremu horretan.