Hizkuntzen kudeaketa ardatz izango du urtarrilaren 18an eta 19an Bilbon egingo den Languages Lanean nazioarteko kongresuak. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak antolatuta eta Bilboko Udalaren laguntza izanik, topaketak hizkuntza-kudeaketaren garrantzia eremu sozioekonomikoan nabarmendu nahi du. Horretarako, arlo honetan ematen diren hainbat praktika on jakinaraziko dira.

Bingen Zupiria eta Arantxa Tapia sailburuek Languages Lanean kongresua aurkeztu dute gaur Bilbon. Urtarrilaren 18 eta 19an Bilbon izango den kongresu honek aukera emango du lan eta jarduera ekonomikoaren eremuan hizkuntzen kudeaketen erronkei buruzko esperientziak ezagutzeko eta irakaspenak partekatzeko, baita horien gainean eztabaidatzeko ere. Horretarako, Euskal Herriko zein nazioarteko hizlariak gonbidatu dira. Hitzaldiez gain, gai jakinen arabera antolatutako mahai-inguruetan parte hartu ahal izango da.

Bingen Zupiriak azaldu duenez, azken hamarkadetan euskara eremu berriak irabazten aritzea ezinbestekoa izan da euskararen indarberritze prozesuan. Languages Lanean kongresua mugarri berria da lan-eremuan euskararen presentzia areagotzeko: “Ez gara hutsetik abiatzen, eta uste dugu azken urteotan landutakoa baliagarria izan daitekeela adibideak eta jardunbide egokiak ezagutzeko eta ikasteko, helburu batekin: euskararen normalizazioan aurrera egiten jarraitzea, baita enpresa arloan ere”.

Bestalde, Arantxa Tapiak ziurtatu du enpresa batek hizkuntza kudeaketari buruzko hausnarketa egiteak eta erabakiak hartzeak lehiakortasuna irabazteko eta kalitatezko produktu edo zerbitzua eskaintzeko balio duela: “Hizkuntzen kudeaketa enpresaren kudeaketa prozesuan txertatua duen enpresa lehiakorragoa izango da merkatuan: barne prozesuak hobetuko ditu eta kalitatezko zerbitzua eskaintzeko berme handiagoa izango du”.

Bi eguneko topaketa izango da, eta Bilbon izango du egoitza; urtarrilaren 18an Euskalduna Bilbao Jauregian eta 19an Guggenheim Bilbao Museoan.