Síguenos en redes sociales:

Bizkaiko herritarrek balorazio oso ona eman diote lurraldeko bizi kalitateari

Foru erakundearen inkesta egiteko, abenduaren 14aren eta 20aren artean 3.000 telefono dei egin ziren

Bizkaiko herritarrek balorazio oso ona eman diote lurraldeko bizi kalitateari; zehazki, 10 puntutik 7,73, Bizkaiko Foru Aldundiak aldian-aldian egiten duen iritzi azterketaren arabera. Foru erakundearen inkesta egiteko, abenduaren 14aren eta 20aren artean 3.000 telefono dei egin ziren. Inkestaren arabera, egoera ekonomikoak eta enpleguak 6,40 eta 6,08 puntu eskuratu dituzte. Halaber, lurraldearen etorkizunerako ikuspegiak ere antzeko parametroetan kokatu dira: etorkizunari buruzko baikortasun maila 6,04koa da, nahiz eta inkesta bete duten pertsonen % 50ak zazpitik gorako balorazioak eman dituen galdera hori erantzutean.

Gai zehatzak aztertuz gero, eta hasi berri den urteari erreparatuta, % 55k uste du egoera ekonomikoa berdina, nahiko hobea edo askoz hobea izango dela. Ehuneko hori % 61,4ra igotzen da enpleguari buruz galdetzean. Inflazioaren jarreraren gaineko ikuspegia, aldiz, negatiboagoa da: orain arte bezala jarraitu edo nahiko edo askoz txarragoa izango dela uste du biztanleen % 75k.

Horrekin lotuta, nahiz eta hamar pertsonatik zazpik adierazi duten ez dituztela beren mugikortasun ohiturak aldatu behar izan erregaien prezioaren igoeraren ondorioz, % 62,8k aitortu du erosketa ohiturak aldatu dituela. Prezioen igoerak izan duen eragin pertsonala 0tik 10era bitartean baloratzeko eskatu zaienean, inkesta honetako partaideek eragin horri 7,53 puntu eman dizkiote.

Jarduera ekonomikoa eta enplegua dira, oraindik ere, herritarren kezka iturri nagusiak. % 39,6ko balorazioarekin, gai hori nabarmen gailentzen da oso garrantzitsutzat jotzen diren hurrengo bien aldean: osasuna (% 19,4) eta herritarren segurtasunik eza (% 16,8). Baina, azken alderdi hori kezka nagusietako bat den arren, azterketan parte hartu duten pertsonen bizileku diren udalerrietan segurtasunaren gainean egin den balorazioa 7,06koa da.