Bizkaiko Foru Aldundiak klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren arloan inbertsioa areagotuko du. Izan ere, eremu horietan jarduketak sustatzeko lurraldeko udalei eta mankomunitateei zuzendutako laguntza-lerroa onartu berri du. Planak egitea, energia berriztagarriak aprobetxatzea, eta toki-erakunde horiek kudeatzen dituzten instalazio, eraikin publiko eta ibilgailuen energia-kontsumoaren eraginkortasuna eta aurrezpena handitzea dira, besteak beste, laguntza hauek babesten dituzten ekimenak. Guztiz, Foru Aldundiak 2.120.000 euro inbertituko ditu, hau da, iaz baino 520.000 euro gehiago. Dirulaguntzak lau eremutan banatuko dira.

Lehenengoa planak eta azterlanak egiteari lotuta dago. Ildo honek 120.000 euroko muga izango du guztira eta zenbatekoa jasotako eskaeren artean banatuko da; eskaera horiek Euskal Autonomia Erkidegoko jasangarritasun energetikoaren araudian aurreikusitako planak, baita udal-eremuko edo eskualdeko klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko beste plan batzuk ere - hala nola, udal-plan energetikoak edo energia jasangarriko ekintza-planak, besteak beste-, edo egikaritze-proiektuak sorrarazten dituzten azterlan, diagnostiko, ebaluazio eta analisi energetikoen planak, egitearekin lotuta egon beharko dute.

Bigarren laguntza-ildoa baliabide berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioak eta kogenerazio/trigenerazio instalazioak finantzatzera bideratuko da, eta 700.000 euroko aurrekontua du. Munta honen bidez diruz lagunduko dira eraikin eta instalazio publikoetan kanpo-energiaren kontsumoa murriztea lortzen duten instalazioak, iturri berriztagarrietatik datozen baliabideak aprobetxatuz, hala nola biomasa-galdarak, aerotermia, hidrotermia edo eguzki-instalazio termikoak eta fotovoltaikoak, besteak beste; era berean, kogenerazio- edo trigenerazio-sistemak ezartzea lagunduko da.

Zenbateko garrantzitsuena, 1.200.000 euro, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko jarduerak garatzeko erabiliko da. Hauen barruan fatxadan, estalkian edo eraikinaren egituran edo inguratzaile termikoan (leiho-aldaketak, isolamendu termikoak...) esku-hartuz energia elektrikoaren edo erregaiaren kontsumoa murrizteko eraikin publikoen inguratzaile termikoari lotutako jarduketak bultzatuko dira. Era berean ildo hau baliagarria izango da girotzeko eta/edo ur bero sanitarioa ekoizteko instalazioak ezartzeko, udal-eraikin eta -ekipamenduetan barneko argiztapen-instalazioak ezartzeko eta energia-kontsumoa murriztuko duten kanpo-argiterian jarduketak garatzeko.

Ibilgailu elektrikoak

Laguntza hauen azken ildoa ibilgailu elektrikoak eta hibrido entxufagarriak erosteari eta kargatzeko zutoinak instalatzeari lotuta dago. Guztira 100.000 euro erabiliko dira horretarako.

Lurraldeko udalek eta mankomunitateek Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez (www.ebizkaia.eus) aurkeztu ahal izango dituzte dirulaguntzak jasotzeko eskabideak, aurtengo otsailaren 28a baino lehen.