Kutxabankek jakinarazi du urtarrilaren 15etik aurrera milioi bat pertsona baino gehiagori komisioak kenduko dizkiela, bere bezero partikularren % 80ri.

Astearte honetan ohar baten bidez iragarri duenez, bankuak Visa Dual kontuak eta txartelak mantentzeagatik ez dio komisiorik kobratuko bezero talde horri. Era berean, online transferentziak eta txeke nazionalen sarrerak kosturik gabe egin ahal izango ditu.

Eredu berriaren arabera, Kutxabankek doakotasun-profila bezeroaren gutxieneko lotura-baldintzetara egokitu du.30 urtetik beherako guztiei komisioak kentzea erabaki du, inolako baldintzarik bete gabe, eta hogeita hamar urtetik gorakoei dagokienez, nomina helbideratuta eduki beharko dute 34 urtera arte. 35 eta 64 urte bitarteko bezeroek ez dute komisiorik ordainduko nomina helbideratuta badute eta bankuaren txartel batekin hiruhilekoan 5 erosketa eginez gero; 65 urtetik gorakoek, berriz, doakotasun-baldintza horiek izango dituzte pentsioa bankuan helbideratuta badute.