Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak gomendatzen du kontu handiarekin ibiltzeko artifizio piroteknikoekin, batez ere Gabon zahar egunean, herritarren segurtasuna bermatzeko. Artifizio piroteknikoak (petardoak eta su artifizialak, batik bat) arriskuak dira berez, bai osagaiengatik, bai erabiltzeko moduarengatik. Txarto erabiliz gero, ezbeharrak gerta daitezke.

Urtean-urtean Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak leku askotan egin behar izaten du lan ospakizunetarako elementu horiek txarto erabiltzeagatik, batez ere Gabon zahar gauean eta Urteberri egunean. Artifizio piroteknikoak jostagarriak dira pertsona askorentzat, baina ez da ahaztu behar arriskutsuak ere badirela.

Horregatik, honako gako  hauen berri eduki behar genuke denok:

  • Katalogazioa egiaztatu: Artifizio piroteknikoak "katalogatuta" egon behar dira, hau da, salgai jarri aurretik adituek aztertu behar dituzte eta egiaztatu behar dute pertsonak, ondasunak eta ingurumena babesteko ezarritako segurtasun-baldintzak betetzen dituztela. Hori Europar Batasunean egindakoei zein beste herrialde batzuetatik inportatuei aplikatzen zaie. Marka hau da horren frogagarria:

Nornahik erabil ditzakeen kategoriak: Artifizio pirotekniko batzuk adituek baino ezin dituzte erabili. Orokorrean, F1, F2 eta F3 kategorietako artifizio piroteknikoak bakarrik saldu ahal zaizkie herritar guztiei. Gainerako kategoriak adituentzat baino ez dira:

  • Nahitaezko etiketak: Artifizio piroteknikoek eta haien ontziek honako datu hauek adierazten dituen etiketa ezabaezina eduki behar dute jarrita erraz ikusteko moduan: erregistro zenbakia, gutxieneko adina erabiltzeko (F1: 12 urte; F2: 16 urte; F3: 18 urte), kategoria, erabiltzeko jarraibideak eta, behar bada, segurtasuneko gutxieneko distantzia.
  • Salmenta: Produktu hauen salmenta baimendutako establezimenduetan egin behar da. Erabat debekatuta dago postaz bidaltzea.

Segurtasunarekin erabiltzea

Bizkaiko Foru Aldundiaren Suhiltzaileen Zerbitzuak neurri hauek hartzeko gomendatzen du:

  • Arretaz irakurri jarraibideak eta kontuan hartu materiala erabiltzeko gomendatutako gutxieneko adina: Artifizio bakoitzak ezarrita dauka erabiltzeko gutxieneko adina; adin horretatik beherako umeek ez dute inolaz ere erabili behar. Jarraibideetan materiala zuzen erabiltzeko eta dibertsioak arriskurik ez sortzeko aholkuen laburpena egiten da.
  • Ez erabili inoiz petardorik poltsikoan: Beroaren edo igurtzimenduaren ondorioz metxa bat isiotu daiteke nahi gabe, sua beste petardo batzuetara zaldu daiteke eta denen eztandak lesio larriak eragin ditzake.
  • Ez jaurti petardorik pertsonei ez animaliei, ez eta haien ondoan ere: Gorputzeko atal batzuk oso zaurgarriak dira, esaterako begiak eta belarriak: oso ondorio larriak jasan ditzakete, batez ere maskotenek.
  • Ez sartu petardorik botiletan, ontzietan eta hormako hutsuneetan, eta ez bota sutara: Eztanda egiten dutenean, inguruko elementuak jaurtigai modura bultzatzen dituzte noranahi, metraila gisa.
  • Artifizio piroteknikoa metxaren muturretik piztu behar da; eztanda egiten ez badu, galdutzat jo behar da: Metxen luzera eta iraupena lehergailuaren potentziaren araberakoak izan behar dira, eztanda egin aurretik urruntzeko astia edukitzeko. Artifizioak eztanda egiten ez badu, 15 minutu itxaron behar da eskuztatu arte; ahal dela, hoberena urez bustitzea da, deuseztatzeko.
  • Ez erabili toki eta egoera arriskutsuetan: Ez da bota behar petardorik ez bestelako artifizio piroteknikorik etxe barruan, ez basoen inguruan, ez jende asko dagoen lekuetan, ez produktu sukoiak dauden lekuetan, ez eta leiho edo balkoietatik ere.

Azken gomendioa etxebizitza guztietarako, ospakizunetan parte hartu zein ez: ez utzi arroparik esekita eta, plastikozko estalkia daukan esekilekua egonez gero, tolestuta mantendu. Gainera, ateak eta leihoak itxita eduki behar dira, denon segurtasuna ziurtatzeko.

Segurtasuna eta prebentzioa ezinbestekoak dira jai-ospakizunetan ezbeharrik ez gertatzeko. Bizkaiko Foru Aldundiaren Suhiltzaileen Zerbitzuak herritarrei eskatzen die ardurarekin jokatzeko eta oinarrizko segurtasun-neurri hauei kasu egitea, aurtengo Gabon zaharretan seguru egon gaitezen denok.