Bilboko Udalak parke berri bat sortuko du Arabellan
Esleitu ondoren, hamar hilabeteko exekuzio-epea izango du
Bilboko Udaleko Gobernu Batzordeak aurrekontu-partida bat onartu du aukera emango duena aisialdirako espazio bat sortzeko. Guztira, 7.200 metro koadroko esku hartzeko eremua izango da. Lan horiek orain lizitatuko dira, eta, esleitu ondoren, hamar hilabeteko exekuzio-epea izango dute. Bilboko Udaleko Gobernu Batzordeak aurrekontu-partida bat onartu du, Arabella auzoko 7.200 metro koadroko eremu bat hobetzeko. Zehazki, 2.134.291 euro (BEZa barne) bideratuko dira zenbait jarduketa dituen proiektu horretarako.
Lehenik eta behin, aisialdirako espazio bat sortuko da. Espazio horretan, egoteko guneak eta jolasguneak egongo dira, esparru osotik banatuta. Parkea Zurbaranbarri eta Atxetabidea kaleen artean egongo da kokatuta, Remar etxaldearen eta Sarrikue auzunearen ondoan.
Parke barruko koten aldea gainditzeko, elementu nabarmen gisa, egurrezko oinak dituen altzairuzko txirrista bat aurreikusten da. Horrez gainera, oreka- eta eskalada-jolas batzuk ere jarriko dira enbor horizontal eta bertikalekin, baita zabuak ere.
Gainera, eremuan, iparraldeen dagoen zatian, kautxuzko segurtasun-zorua daukan haurrentzako rokodromo bat ipiniko da.
Eremu osoan hiri-altzari berrituak jarriko dira: eserlekuak, paperontziak, zuhaitz-txorkoak... Era berean, kontsumo-iturri bat eta 10 bizikletarako aparkaleku bat ipiniko dira.
Landareei dagokionez, beharrezko belar-sastrakak kenduko dira, eta, ondoren, berrogei zuhaitz baino gehiago landatuko dira; besteak beste, olibondo bat, zenbait espezietako astigarrak, hosto handiko ezki bat, lau likidanbar eta hosto zabaleko beste hainbeste lizar.
OINEZKOEN ETA IBILGAILUEN IRISGARRITASUNA ETA BIDEAK HOBETUKO DIRA
Proiektu honen bidez, Atxetabidea kalearen inguruko irisgarritasuna ere hobetzeko asmoa du Udalak, arrapalak eta barandak jarriko baititu kale horren malda arintzeko. Bide nagusi bat diseinatuko da parkearen barrualdetik, era guztietako pertsonen irisgarritasuna bermatzeko.
Gainera, bide berri bat sortuko da, eta, hari esker, 25 aparkaleku-plaza atera ahal izango dira (24 aparkaleku erregular eta mugikortasun urriko pertsonentzat gordetako bat).
Oinezkoentzako bideei dagokienez, espaloiak ahalik eta zabalduko dira kale horretan. Ibilgailuentzako bidea ere hobetuko da: errodadura-geruza eguneratuko da eta oinezkoentzako beste pasabide bat sortuko da, aipatu arrapaletatik zuzenean sartu ahal izateko.
Argiteriako eta zuntz optikoko sare berri bat jarriko da, parkea, aparkalekuak eta eremu berrira sartzeko errepidea argiztatzeko.
Gainera, Atxetabidea kaleko 14. zenbakiko autobus-geltokia mugitu egingo da: begiratokitik eta kalea Zurbaranbarri auzoarekin lotzen duten eskaileretatik hurbilago dagoen toki baten jarriko da.
AUZOKIDE PLANA
Remar-Sarrikue etxaldeen ondoan aurreikusten diren obrak Auzokide Planaren barruan daude, uriko auzoak hobetzea helburu duen planaren barruan; gainera, 2. barrutiko (Uribarri) auzotarrek lehentasuna eman diete lan horiei.